Politika
Nafarroako Kutxa
Erredakzioa
Ustelkeria auziek zalantzan jarri dute buruzagi politikoak forupekoak izan behar ote diren.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidenteak inputazioa saihestu du Nafarroako Kutxako (CAN) dieta irregularren auzian, oraingoz behintzat.
Iruñeko instrukzioko 3 zenbakiko epaitegiak CANeko batzorde iraunkorra osatzen zuten lau pertsonetako hiru inputatu ditu: Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohia eta Enrique Maya Nafarroako hiriburuko alkatea.
Laugarrena, hots, inputatu ez dutena, Yolanda Barcina da, hain zuzen ere. Horren jokaeran Maria Paz Benito instrukzio-epaileak delitu zantzuak atzematen baditu, auzia Auzitegi Gorenera bideratu beharko du. Bertan, beste epaile batek hartuko du auzia, eta berriz hasiko du ikerketa.
Agintariek forupekoak izan behar dute?
Hainbat goi-ordezkari politiko forupekoak dira Estatuan, hala nola Espainiako Gobernuko presidentea, ministroak, gobernuburu autonomikoak eta diputatuak, bai Diputatuen Kongresukoak, bai erkidegoetako parlamentuetakoak.
Babes juridiko horren helburua jazarpen politikoen biktimak ez izatea da, baina ustelkeria auziek kolokan utzi dute pribilegio hori, buruzagi politiko askok erantzukizun penalak saihestu dituztelako, ustez delitua egin badute ere.
Forupekoa izateak, baina, ez du erabateko babesa ematen: mugatu egiten du ikerketa abiatu dezaketen auzitegien kopurua. Erkidegoen kasuan, estatutuek ezartzen dute zer epaitegitan epaituko lukete gobernu horretako presidentea.
Nafarroako Gobernuko presidentearen kasuan, Espainiako Auzitegi Gorenak egingo luke ikerketa eta epaiketa, Foru Hobekuntzaren Legeko 27. artikuluaren arabera.
Euskadiko lehendakaria, baina, EAEko Auzitegi Nagusian epaituko lukete, Gernikako Estatutuaren 32.2. artikuluaren arabera. Horren adibide gisa, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria EAEko Auzitegi Nagusiko akusatuen aulkian eseri zela, Batasunarekin biltzeagatik auzibidean jarri zutenean.
Ordezkari politikoak ez ezik, Estatuko beste hainbat goi-kargudun ere dira forupekoak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN), Auzitegi Goreneko eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak eta Estatuko fiskal nagusia, kasu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa