13:17

Politika

Nafarroako Kutxa

CANeko dieten auziko inputazioek jomugan jarri dute Yolanda Barcina

Erredakzioa

2010. urtean, ustelkeria auzietan inputatutako politikariak kargugabetu egingo dituztela aurreratu zuen Barcinak.

  • Yolanda Barcinak ere dietak jaso zituen Nafarroako Kutxan. EFE

    Yolanda Barcinak ere dietak jaso zituen Nafarroako Kutxan. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nafarroako Kutxako (CAN) dieta irregularren auziko inputazioek jomugan jarri dute Yolanda Barcina Foru Gobernuko presidentea.

Atzo, Iruñeko instrukzioko 3 zenbakiko epaitegiak inputatu egin zituen Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohia eta Enrique Maya Nafarroako hiriburuko alkatea, baina ez Yolanda Barcina, forupekoa delako.

Laurak CANeko batzorde iraunkorreko kideak izan ziren, eta dieta bikoitzak eta hirukoitzak jaso zituzten, mamirik gabeko bileretara joateagatik. Horien zeregina kutxaren kudeaketa gainbegiratzea izanik, dieta irregularrak jaso izana funtzionario-eroskeria delitua izan litekeela uste du Maria Paz Benito instrukzio-epaileak.

Barcinak ere jaso zituen dieta horiek, baina oraingoz ezin dute auzitara eraman, Nafarroako Gobernuko presidente karguak babesa ematen baitio. Nolanahi ere, baliteke epaileak Auzitegi Gorenera bideratzea horren auzia, eta horrek epai egin dezake Barcina.

Horren ildotik, Kontuz kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkartea "ziur" dago Barcina ere inputatuta egongo litzatekeela forupekoa izango ez balitz.

Testuinguru honetan, ostiralean Barcinaren aurkako zentsura mozio bat eztabaidatu eta bozkatuko dute Nafarroako Parlamentuan. Aralarrek eta Bilduk aurkeztu dute, eta, hasiera batean, PSNk ez du babestuko.

2010. urtean UPNk egindako batzar orokorrean, ustelkeria auzietan inputatutako politikariak kargugabetuko dituztela aurreratu zuen Barcinak. "Ustelkeriarengatik inputatuta badago, kargugabetzea automatikoa izan behar da", nabarmendu zuen.

Miguel Sanz eta Enrique Maya UPNko zuzendaritzako kide dira. Azken hori, gainera, Iruñeko alkatea da.

 

Yolanda Barcina, 2010. urtean, UPNren batzar orokorrean:

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena