Politika
PSE-EE
Biografia: Patxi Lopez, Jaurlaritzako lehen lehendakari sozialista
Erredakzioa
Azken hauteskundeetan herritarren konfiantza galdu ostean, PSE-EEko idazkari nagusiak kargua utziko duela iragarri du. Etorkizuna Madrilen izan dezake.
-
Patxi Lopez, PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Patxi Lopez Portugaleten (Bizkaia) jaio zen 1959an. Musika, argazkilaritza, teknologia berriak eta Athletic oso gogoko dituela dio Lopezek. Gaztetik, politika gaietan murgilduta egon da, izan ere, Eduardo Lopez Albizu 'Lalo' sozialista du aita. 16 urte zituela, Euskadiko Gazte Sozialisteetako kide bihurtu zen eta, bi urte beranduago, PSEko afiliatua. Begoña Gil kide sozialistarekin ezkonduta dago.
Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakari sozialista da. 2009. urtean lehendakaritzara heldu zen, PPren babesari esker (azken hauteskunde autonomikoetan bigarren indarra izan arren). 2012an hauteskunde autonomikoak aurreratu ondoren, "gure konpromisoak bete ditugu" azpimarratu zuen. Balantzea egiteko garaian, ez du zalantzarik izan: "Euskadin terrorismoari amaiera eman diogula esan dezaket".
Lopezen agintepean, sozialistek historiako emaitzarik onenak lortu dituzte: 2008ko hauteskunde orokorretan garaipen handia lortu zuten eta 2009an lehendakaritzara iritsi ziren EAJ baztertzeko PPrekin egindako itunari esker.
Hala ere, ordutik hona PSE-EE alderdien hirugarren postura jaitsi da Euskadiko haustekunde-mapan. Gauzak horrela, gaur egun inoiz izandako botere maila txikiena du, zortzi udaletan ezbaitu agintzen.
Datozen hauteskunde orokorretan sozialisten hautagaitza gidatzeko primarioetan parte har dezakeela esan da hainbat komunikabideetan. Alderdiaren azken Kongresuak Harreman Politikoen arduradun izendatu zuen, eta ardura horrek Rubalcabaren ondora eraman du Lopez. 2013ko otsailean PSE-EEko idazkari nagusi hautatu dute berriro alderdiaren VII. Kongresuan.
Patxi Lopez Athletic eta Portugalete futbol taldeetako bazkidea da, baina bere kirol gustukoena saskibaloia da, eta sarri joaten da Bilbao Basketen partidak ikustera.
Zaletasunak
Beste afizioetako bat Ezkerraldeko industria-paisaiaren argazkiak ateratzea da, bera bertan jaioa delako. Musikazaletasun handia ere badu. Bere blogean azaltzen duenez, Jacques Brel eta Massive Attack bezalako estilo ezberdinak gustatzen zaizkio. Lopezek 8.000 diska baino gehiago ditu etxean eta kitarra elektrikoa jotzen ikastea gustatuko litzaiokeela onartu du behin baino gehiagotan.
Bere burua Coscojaleseko euskal herritartzat du Patxi Lopezek (Coscojales Portugaleteko alde zaharreko kalea da, zubi esekitik gertu dagoena), eta, bitxikeri gisa, "Berriztasuna" euskal dantza taldeko kide izan zan 15 urtez. Orduan sortu zitzaion, bere hitzetan, "euskal dantza eta folklorearenganako maitasuna".
Lopez 2013ko otsailean egindako kongresuan hautatu zuten berriro idazkari nagusi.
Agurra, 12 urteren ostean
Europako hauteskundeetan izandako emaitza txarren ondorioz, kargua utziko duela iragarri du orain. PSE-EEk irailean egingo du kongresua idazkari nagusi berria aukeratzeko, Lopezek hautagai izango ez dela konfirmatu ostean. Patxi Lopezek 12 urte eman ditu PSE-EEko idazkari nagusi lanetan.