Politika
Barcenas auzia
Erredakzioa
Luis Barcenasek eta Jorge Trias Sagnier PPko diputatu ohiak bihar deklaratuko dute fiskalaren aurrean. Gainera, 'El Pais'ek Fiskaltzaren esku utzi ditu Barcenasen agiriak.
'El Pais' egunkariak publikatutako agirietako bat
Albisteak (9)
Informazio gehiago (1)
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza bete-betean sartu da PPren kontabilitatea ikertzen, eta, horren ildotik, alderdiak 2000. urtetik egindako ordainketa guztiei buruzko informazioa eskatu dio Ogasunari.
Gainera, Luis Barcenas PPko diruzain ohia eta Jorge Trias Sagnier, PPn hainbat pizgarri diru beltzean kobratzen zirela aitortu zuen diputatu ohia, deklaratzera deitu ditu. Bihar egingo dute, hain zuzen ere, fiskalaren aurrean. PPk Barcenasen agiriei buruzko informazioak jasotzen dituzten hedabide "guztien" aurka salaketa jarriko duela aurreratu eta gero etorri da Fiskaltzaren eskaera.
Horrez gain, El Pais egunkariak Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren esku utzi ditu PPko zuzendaritzaren ustezko ezkutuko kontabilitatea agerian uzten dituen Luis Barcenasen agiriak.
Atzo, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko eta PPko presidenteak paperetan ageri den "guztia" "faltsua" dela adierazi zuen, "gauzaren bat izan ezik".
Gutxienez dozena erdi buruzagik, baina, aitortu egin diote Prisa taldeko egunkariari euren izenean agertzen diren ordainketak benetakoak direla. Horietako hiruk publikoki aitortu dute: Pio Garcia Escudero Senatuko presidentea, Santiago Abascal PPk Amurrion (Araba) duen zinegotzia eta Calixto Ayesa Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari ohia.
Agirietako ordainketak benetakoak direla frogatuko balitz, ez litzateke delitu fiskala izango, baizik eta arau-hauste fiskala, jasotako diru kopuruak urtean 120.000 eurokoak baino txikiagoak baitira.
Gainera, irregulartasun gehienak preskribatu egin dira jada, tankera horretako arau-hausteak lau urteren ostean preskribatzen baitira. Horrenbestez, epaileek azken lau urteotako irregulartasunak baino ezingo lituzkete zigortu, eta kontuan hartu behar da Barcenasen agiriek 1990. eta 2009. urteen arteko informazioa jasotzen dutela.
Nolanahi ere, Fiskaltzak hainbat enpresaburuk PPri ustez emandako dohaintza irregularrak ere aztertuko ditu. Barcenasen paperetan jasotzen diren dohaintzen % 70 legez kanpokoak dira, muga legala (10 milioi pezeta; 60.000 euro) gainditzen dutelako, edota legez alderdi politikoei dirua ematea debekatuta duten pertsonek edo enpresek eman zituztelako.
PPk dohaintza irregularrak jaso zituela baieztatuko balitz, alderdiaren finantziazioa legez kanpokoa izan zela frogatuko litzateke.
Isilpeko ikerketa
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza zuhurtziaz eta isilpean ari auzia ikertzen, filtrazioek ikerketa zapuztu dezaketenaren beldur baita.
Horren erakusle da joan den ostirala arte ez zutela jakinarazi ikerketa astebete lehenago abian jarri zutela.
Izapide ezberdinen tramitazioa sei hilabetez luza daiteke eta orduan fiskalak erabaki bat hartu beharko du: auzia artxibatzea, delitu zantzurik antzeman ez duelako; edo bide judizialari hasiera eman. Bigarren aukeraren alde eginez gero, Pablo Ruz epailearen esku geldituko litzateke auzia.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa