21:38

Politika

Elkarrizketa

'Akordio zabalak' bilatuko dituela aurreratu du Jonan Fernandezek

Erredakzioa

Bake eta Bizikidetza idazkariaren ustez, biktimak ez dira "parekatu" behar, ezta "alderatu" ere.

1:20
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak azaldu duenez, bere "helburu nagusia" akordioak bilatzea izango da, "egungo egoera aldatzea errazteko", hots, akordioa "aurrera egiteko lanabesa" izatea.  "Akordio zabalak lortzea ezinbestekoa da", azpimarratu du.

"Iragana hain gogorra izanik, ados jartzea besterik ez daukagu", gaineratu du, Radio Euskadin eta ETBn egin dituen elkarrizketetan. Horren haritik, lehentasuna akordioa izanda "ados jarri nahi ez direnek" beto eskubidea izan dezaketela aitortu du.

Lan zaila duela jakitun, eta hiru erronka nagusi aipatu ditu: ''iraganaren azterketa kritikoa egitea; elkarlana sustatzea, kontsensuak bilatzeko; eta iraganari begira oinarriak ezartzea, geratutakoa errepikatu ez dadin''. Hala, Bake eta Bizikidetza zuzendariak "iraganaren berrikuspen kritikoa" egitea eskatu du, hau da, "azken hamarkadetako gertakizun objektiboen egiari aurre egitea, ikuspegi kritikoarekin".

Bere ibilbide berrian oztopoak izango direla uste Jonan Fernandezek, eta ''iraganetik datozen inertziak, eta inertzia horien artean mesfidantzak'' aipatu ditu. ''Baina hori dena gainditu egin behar da'', gaineratu du.

PPk, UPyDk eta AVTk bere izendapenaren aurka egin dutela eta,  kritikak "lasaitasunez onartu" behar direla esan du. "Nire ibilbideak irakatsi dit adierazpenek ez dutela errealitatea aldatzen; ikuspegi horrekin hasiko naiz lanean", adierazi du. Halaber, kritikak egin dizkioten biktimen elkarteetako kideekin biltzeko prest dela esan du.

Iñigo Urkullu lehendakariak atzo izendatu zuen Fernandez, bake, bizikidetza, adiskidetze eta oroimen politika guztiak koordina ditzan. Horrekin batera, Txema Urkijo eta Monica Hernando izango dira; lehenengoa "biktima guztientzako aholkularia" izango da, eta, bigarrena, Giza Eskubideen zuzendaria.

Gaurko elkarrizketan, errealitatea "hobera" aldatu dela aldarrikatu du Fernandezek: "Errealitate hori kontuan hartzea funtsezkoa da".

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena