Politika
2013ko aurrekontuak
PP eta EAJ Gasteizeko aurrekontuetarako akordio batera heldu dira
Erredakzioa
Prozesu negoziatzaile honen arrakastak eragina izango du PPko eta EAJko kideen artean Arabako eta Bizkaiko Aldundietako aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko garaian.
-
Javier Maroto Gasteizko alkatea, EAJrekin egin duen bileraren ondoren. EFE
PP eta EAJ 2013rako Gasteizeko Udaleko aurrekontuak onartzeko akordio batera heldu dira astearte honetan. Orain arte 2012koak luzatuta funtzionatu dute.
Javier Maroto (PP) Gasteizeko alkateak eta Gorka Urtaran EAJko bozeramaileak prentsaurrekoa emango dute asteazken honetan, akordioaren edukiaren xehetasunak emateko, Arabako hiriburuko Udalak jakitera eman duenez.
Gasteizen PPren eta EAJren arteko negoziazioei ostiralean ekin zieten berriro, duela hilabete bi alderdien arteko hizketaldiak eteteak Marotori aurrekontuen proiektua ez aurkeztera eta 2012 urteko kontuak luzatzera eraman ostean.
Prozesu negoziatzaile honen arrakastak eragina izango du PPko eta EAJko kideen artean, Arabako eta Bizkaiko Aldundietako (biek gutxiengoa dute bertan) aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko garaian.
Bizkaiko Aurrekontuak negoziatzen jarraitzen dute
PPk eta EAJk 2013rako Bizkaiko Aurrekontuetarako proiekturako zuzenketa partzialak negoziatzen jarraitzen dute. Aurrekontu horiek Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkeztu zituen, eta, bi alderdien jarrerak gerturatzen hasi dira.
PPtik azaldu dutenez, Gasteizeko akordioak Bizkaiko Batzar Nagusietan ostegunean egingo duten osoko bilkuran popularrek botorik ez ematea bermatuko du. Bilkura horretan PSEketa Bilduk EAJk egindako aurrekontu-proiektuari egindako zuzenketak bozkatuko dira.
Gasteizeko paktuak "oso desblokeatuta" utzi ditu ondoko lurraldeko negoziazioak, akordio bat ixteko oraindik "zintzilik geratzen diren" gauzak egon arren, eta, asteburua baino lehen itxi daitezke, PPren arabera.
Halere, paktuak ez du aurreikusi PPk Eusko Jaurlaritzaren kontuak babestea, alderditik azaldu dutenez, Jaurlaritzak oraindik ez duelako proiekturik aurkeztu, eta, ondorioz, ez dutelako horren edukiaren berri.