00:53

Politika

Atxilotu egin zuten

CANeko presidenteari ustez eginiko xantaiatik, Cerveraren dimisiora

Erredakzioa

Cerverak jasotako mezu elektronikoa argitaratu dute hainbat komunikabidek. Bertan, ''zirrikitu batean'' gordetako ''gutunazal ilun'' baten inguruko argibideak biltzen dira.

02:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Santiago Cervera PPko diputatuak bere diputatu agiriari uko egin dio, igande honetan Iruñean CANeko presidenteari eginiko ustezko xantaia kasu batengatik atxilotua izan eta gero.

Karguari uko egin dionez, aurrerantzean ez da forupekoa izango, eta, beraz, auzia ez da Auzitegi Gorenaren esku egon beharko. Hala, Nafarroako auzitegi batek ikertuko du Jose Antonio Asiain CANeko presidenteak ustez jasan duen xantaia saiakera.

CANeko presidentearen salaketa

Diario de Navarra egunkariak argitaratu duenez, CANeko presidenteak salaketa jarri zuen hilaren 5ean mezu elektroniko anonimo bat jaso ondoren. Bertan, 25.000 euro ordaintzeko eskatu zioten, eta, egin ezean, bere jarduera profesionalekin lotutako informazioa kaleratuko zuten mehatxua egiten zioten.

Hilaren 7an, Iruñeko Igerileku Klubaren ondoko harresiko zirrikitu batean, gutun-azal itxi batean, 25.000 euro uzteko eskatu zioten.

Guardia Zibilak zaintza lanak hasi zituen bertan, eta PPko diputatua atxilotu zuen gutun-azala hartu zuenean. Epailearen aurretik pasatu ostean, aske gelditu da.

Cerveraren azalpenak

Bere blog pertsonalean, Cerverak ukatu egin du egotzitakoa, baina "arduragabekeria" bat egin izana aitortu du.

Diputatu nafarrak azaldu duenez, ezezagun batek mezu elektroniko bat bidali zion, atxilotu duten lekura joaten bazen, Nafarroako Kutxari (CAN) buruzko informazioa jasoko zuela esateko. Mezuaren arabera, "informazio judizial garrantzitsua" izango zen.  Atzo, Cervera Iruñean izan zen eta informazioa lekuan utzi ote zuten egiaztatzeko "jakin-mina" izan zuen; horregatik, esandako lekura joan zen. Bertan, gutun-azal bat ikusi zuen, eta hartu egin zuenean, guardia zibilak agertu eta atxilotu egin zuten.  Txanoa eta bufanda soinean zituela jaso zuengutun-azala, segurtasun-kamera bat zegoela konturatu ondoren, Cerverak berak aitortu duenez.

''Gutunazal ilun'' bat, ''zirrikitu batean''

Santiago Cerverak email bidez jasotako argibideak ''zirrikitu batean'' gordetako ''gutunazal ilun'' baten ingurukoak ziren, El Pais egunkariak kaleratutako mezu elektronikoan jasotzen denez.

Emailaren igorlea Caja Navarran lanean aritu izan dela eta gutun-azalak erakunde horren inguruko informazio garrantzitsua biltzen zuela jasotzen du azaroaren 29an bidalitako testuak. Halaber, Cerverarekin berriz harremanetan jarriko ez zela ohartarazten zuen.

Cerverak azaroaren 30ean erantzun zion, kaleratutako emailaren arabera, eta, idatzi horretan testu anonimoei kasurik egiten ez diela eta informazio jasotzeko tokia ''onartezina dela'' idatzi zion PPko diputatu ohiak igorleari.

Espedientea ireki diote

Gertatutakoa jakin eta gero, PPk espedientea ireki dio ustezko xantaia auziaren inguruko nondik norakoak argitzeko eta Alfonso Alonso PPren bozeramailearekin bildu ostean, Kongresuan dimisioa eman du.

Kongresuan eman duen prentsaurrekoan, errugabea dela defendatu du eta auziaren "biktima" dela adierazi du. Halaber, Alderdi Popularra ez kaltetzeko egin duela adierazi du, eta urte horietan alderdiak erakutsitako "eskuzabaltasuna" eskertu nahi izan du.

Asiain, harrituta Cerverak kasua salatu ez zuelako

Jose Antonio Asiain Nafarroako Aurrezki Kutxako presidenteak azpimarratu duenez, "akusazio faltsu batean oinarrituta xantaia egiteko ahaleginaren aurrean", salaketa jartzea zen aukera bakarra; hori dela eta, harrituta geratu da Santiago Cervera PPko diputatuak berdin jokatu ez zuelako.

Erreakzioak

Enrique Martin de Marcos Nafarroako PPren presidenteak eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak "lehenbailehen dena argitzea" espero dutela esan dute. "Lehenbailehen argitzea eta bi aldeek azalpen bat ematea espero dut", esan du Barcinak. PSOEk azalpenak eskatu ditu, eta UPyDren ustez, Cerveraren erabakia ''demokratikoa eta ona'' da.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena