Bake prozesua
Madrilen
Erredakzioa
Lehendakariak espetxe politika jarri du adibide moduan. "Ezer ez egiteak edo aldebakarreko politiken alde egiteak ez dio egoerari mesederik egiten", gaineratu du.
Albisteak (4)
Informazio gehiago (1)
Iñigo Urkullu lehendakariak espetxe politikak eta bestelakoak adostu eta aro berri bat hasteko gonbita egin dio Espainiako Gobernuari, ETAren amaieran aurrera egiteko.
"ETAren amaiera eta bizikidetza berreskuratzea Euskadin: egiteke dauden gauzak" izeneko udako ikastaroa abiatzeko ekitaldian, "bakea eta bizikidetza bultzatzeko garrantzitsua den guztian" Mariano Rajoyren Exekutiboaren eta beste alderdi politikoen arteko elkarrizketa eta lankidetza bultzatzearen alde egin du lehendakariak.
Adibide gisa, espetxe politikaren ildo nagusiak adosteko lankidetza nabarmendu du Urkulluk; izan ere, horren ustez, "ezer ez egitea edo batek bere aldetik bakarrik jardutea baita honelako egoeretan izan daitekeen jarrera desegokiena".
Lehendakariak esan duenez, Jaurlaritzaren ardura "nagusia" ETAren indarkeriaren "amaiera ordenatua, behin betikoa eta baldintzarik gabekoa eskatzea, bultzatzea eta laguntzea" da.
Hori dela eta, "desarmea eta desagertze prozesua ez atzeratzeko" eskatu dio ETAri, "etorkizunean aurre egitea galarazten duen iraganeko elementua delako".
Urkulluren ustez, "azkenetan" den erakunde terrorista batek oraindik bizirik jarraitzeak aurrera egitea eragozten dio ezker abertzaleari. "Oso zaila da ulertzen ETAk errealitate hori ez ikustea, ezker abertzalea bera horretaz erabat kontziente bada ere", esan du, eta gainerako alderdiekin lankidetzan normaltasunez aritzeko beharrezko pausoak emateko eskatu die erakunde horiei.
Indar politiko horiei ere dei egin die Urkulluk 2014ko bigarren seihileko honetan "lankidetza eta bat-egite giro berri bat" sortzeko ahalegina egin dezaten, eta uda ostean Eusko Legebiltzarreko Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldean parte hartzeko eskatu die, PPri eta PSEri bereziki.
"Ezin dugu dena bakarrik egin"
Iñigo Urkulluk 40 minutuko hitzaldia egin du udako ikastaroan, eta Bake eta Bizikidetza Planaren inguruko xehetasunak azaltzeko aprobetxatu du. Urkulluren hitzetan, plana "oinarrizko akordio bat lortzeko gonbitea da", eta "aro berri bat" hasteko akordioa bilatzen du.
Eusko Jaurlaritzak "ezin du bakarrik egin", "ez du errezeta, ezta formula magikoa ere". "Elkarrekin egin behar dugu, hori da egiteko dugun lana", esan du, eta aro berriaren "oinarri" gisa Mandelaren espiritua aldarrikatu du: "Etsaiarekin bakeak egin nahi baduzu, harekin egin behar duzu lan".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa