12:10

albisteak

Sinadura

Sariak bai, paperik ez

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Nahi dugu sinetsi zinema ahalguztiduna dela, justiziarik gabeko arauak sortzen dituztenak ere bere aurrean makurtuko direla. Tamalez, hori fantasia hutsa da, guk nahi baino gehiagotan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Cannesen aurkeztu zen L´histoire de Souleymane filma, bertako Un Certain Regard sail arras garrantzi eta distira handikoan. Sariak ugari jaso zituen han, epaimahaiarena, gizonezko aktorerik onenarena eta Nazioarteko Kritikarien Elkartearena. Filosofia irakaslea izandako eta Vietnam izugarri ondo ezagutzen duen Boris Lojkine dugu zuzendaria, beste zinemaldi anitzetan aitortzak jaso izandakoa, Camille, bere  lehengo filma, 2014ean estreinatu zen Canneseko La Semaine de la Critique sailean, non aukeratzaileen komiteak  zorrotz, zorrotz asko erabakitzen duen zer pantailaratu, zer lehiaketarako hautatu eta zer ez. Hope bere bigarrenak Locarnoko ikusleen mira jaso zuen. Ez pentsa, ez, abangoardiako ertzetan den zinemaldi horretako publikoa engainatzen erraza denik,  inor gutxik sartu dio ziria urteetan zehar.

Europako zinemaren festan, Samuel Aïchounek, Rodrigo Diazek, Pierre Bariaudek, Marc-Olivier Brullék eta Charlotte Butrakek osaturiko lantaldeak Souleymanen istorioan jasotako soinuak liluratu zituen epaileak. Frantziako zinema ondratzen duten Cesar sarietan, aldiz, Nina Meurissek lortu zuen  protagonista ez diren aktore emakumeentzat erreserbaturiko ohore ikurra. Filmaren muntaketaren ardura izan zuen Xavier Sirvenek ere jaso zuen bertan merezitutako errekonozimendua.

Hilaren 30ean estreinatuko da L´Histoire de Souleymane gure etxe ondoko zinema areto korrienteetan, Donostiako Giza Eskubideen zinemalditik pasa ondoren. Lepoa jokatuko nuke: ikusleak harrapatuko eta hunkituko ditu. Oso. Sakon.

Parisko kaleetatik janaria banatzeko pedalei eragin bitartean, Souleymane berriro ari da bere istorioa bizitzen. Bi egun barru elkarrizketatua izango da asiloa eskatzeko, hori baita paperak lortzeko gakoa. Baina Souleymane ez dago horretarako prest…

Erritmo handiko film honetan, mila eta bat gai agertzen dira Parisko kaleetan barrena, haietako bat,  bizikletaz janaria banatzen duten rider horien lan baldintza eskas eta prekarioak, beren zaurgarritasuna, enpresa banatzaile eta bezeroak garenon krudeltasuna, Europara amets baten bila etortzen direnen amesgaiztoak, garai zaharretako esklabotasunarekin parekotasun estua duten lan harreman bortitzak, zeinetan auskalo nork sortutako eta gobernatutako algoritmo batek erabakitzen duen zenbat banaketa egingo duzun, zein preziotan eta zein izango den zure gaztigua agindu orduan edo abiaduran iristen ez bazara eskatutakoa ematera…

Donostian, solasaldi betea eragin zuen filmak Victoria Eugenia antzokian, Prekaritatea Etxean: Paperik gabeko rider migratzaileak izenburu izan zuena.

Filmak kontatzen duena ez asmakizuna ez fantasia ez dela baieztatzen duen gertaera samin eta garratz bat bihurtu zen eskandalu Cannesen bertan. Souleymaneren egiten duen Abou Sangare bera Gineatik alde, ihes, ospa, hanka egin zuen  gaztea da. Libiako kartzeletan izan zen, gupidagabeko  torturatzaileen menpe; kostata eta minez iritsi zen Frantziara. Paperik gabe, jakina. Mekanikaria izateko  klaseetara joan zen Amiens hirian, bertako enpresari batek lana eskaini zion ona, oso ona, baitzen ofizioan.  Lan eskaintza edukita ere, paperik ez zuen lortzen. Pelikularen protagonista izateko aukeratu zutenean, denek uste izan zuten agiri ditxoso horiek emango zizkiotela… 

Ba ez, are krudelago jo zuen zoriak. Izan ere,  Cannesen pelikula estreinatu zen egun berean, horren distira eta ospe handia duen Cannesko alfonbra gorria zapaldu zuen arratsean jaso zuen  Abou Sangarek berri zorigaiztokoa: auzitegiak ez zuen bere eskaera ontzat eman.

Saria, aktore onenaren saria jasoko zuen gero; Ralph Fiennes bera eta Daniel Crag bera gaindituz, Europako aktore onena aukeratuko zuten handik hilabetetara… Alferrik, Frantziako estatuaren ustez, esanetan eta erabakiz, ilegala izaten jarraitzen zuen Sangarek. Bere alde egin zuten pelikularen zuzendariak, ekoiztetxeak, Canneseko antolatzaileek… Eskaini zizkioten abokaturik prestuenak helegitea aurkeztu ahal izateko…

Oraindik ere, pelikula gure pantailetan eta mundu osokoetan estreinatzear dagoela eta inor ez dela ilegala dakigun honetan ere, Abou legez kanpo dago Frantzian…

Nahi dugu sinetsi zinema ahalguztiduna dela, justiziarik gabeko arauak sortzen dituztenak ere bere aurrean makurtuko direla. Tamalez, hori fantasia hutsa da, guk nahi baino gehiagotan… Ala ez? Paperak lortuko ahal ditu Abouk pelikula batean agertzen delako? Inch Allah, hala bedi!

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen