albisteak
Sinadura
Begoña del Teso
Bagara besteek zabortegitzat duten esparruetan loreak bilatzen iaioak garen batzuok. Lokatzean urreak dir-dir egiten duela aspaldian entelegatu genuenok. Edo hori guztia baino errazago eta argiago: simaurra gogoko dugunok.
Bada zine mota bat gure hiriburuetako erdigune zinezaleetan estreinatzen ez dena. Ezta zentro historikoetan kokaturik dauden saloietan ere. Jatorrizko bertsioak programatzen dituztenetan, askoz gutxiago. New Yorkeko MET aretotik operak zuzenean ematen dituzten horietan, ezta pentsatu ere.
Ez omen da zine barietate txukun, duin, esan onekoa. Ez bide du festibaletako kalitate zigilua. Ezta zinematan krispetarik sekula jan ez duten handiputzen onespena ere. Programazioaren arduradun harroputz hamaikaren irudiko, zine mota horren filmik karteldegian jarriz gero, zinezale peto-petoen estimua galduko zuten beraiek. Betikotz.
Beraz, bada film kopuru handi samarra hiriburuetako zentrotik deserriturik izaten dena (bertan exijitzen diren alokairuak edo etxeetako salmenta prezioak pagatzerik ez duten gazte makina bat nola, izan ere…).
Aterpe aurkitzen dute, ordea, hiriburu elegante horietako errebaletan dauden merkataritza-guneetan edo hiri handiki horien zabalgunek bilakatu diren herrietan. Hortxe abegi, bai, non litxarreriak soltean eta kiloka saltzen diren, non freskagarrien ontziak litrokoak diren, non aire-gozagarrien usainak estoldatik datorren lurrina dirudien.
Han ezkutatzen dira zentroan, kapitalean, lekurik bilatu ez duten hainbat eta hainbat film, goi mailako gizarte zinezaleak, kopeta ilundurik eta nazka keinu batez ahoan, errefusatu dituen horiek.
Bagara, ordea, besteek zabortegitzat duten esparruetan loreak bilatzen iaioak garen batzuok. Lokatzean urreak dir-dir egiten duela aspaldian entelegatu genuenok. Edo hori guztia baino errazago eta argiago: simaurra gogoko dugunok.
Maiz, alferrik gabiltza arakatze prozesuan. Sarri, film txarrak ikusten ditugu besteen konfort-zonatik ateratzen garenean. Baina ez dugu esperantza galtzen. Eta behin baino gehiagotan irmotasun gureak ordainsari sekulakoa dakarkigu bueltan.
Etsenplurik nahi? Euskal Herriko hiriburu sona handikoetan topatuko ez duzuen Novocaine filma. Zineman eskarmentu dexente duten Dan Berk eta Robert Olsen ganberro alenek sortua; Meg Ryan eta Dennis Quaiden semea izateaz gain aktore primerakoa den Jack Quaidek antzeztua, aita Amerikako lautadetako Assiniboine leinuko semea eta ama Thailandiakoa duen Amber Midthunder aktore emakume finaren konpainian.
Pantailan, CIPAk jotako gizon gazte bat. CIPA horrek Congenital insensitivity to pain with anhidrosis esan nahi du, alegia , jaiotzatiko min sentikortasunik eza, izertza ezak areagotua. Bai, asmatu duzue: Nathan Cainek ez du minik sentitzen. Ez, ez da izugarrizko dohaina, baizik eta bizitza etengabe arriskuan jartzen dion oinazea. Jakin badakigulako mina atezuan, erne, zelatan izateko seinale/abisua dela.
Majoa da oso Nathan. Atsegina, adeitsua. Kooperatiba batean egiten du lan. Gogor saiatzen da bertan zorigaiztokoak laguntzen. Alta, triste, bakarti eta beldur bizi da… Sherry neska ezagutu arte. Adeitsua bera ere. Maitagarria. Ez du bizitza erraza izan; beraz, ederki ulertzen du Nathan…
Kooperatiban egingo duten lapurreta bortitz batean, Sherry gatibu hartuko dute. Nathanek salbatzea erabakiko du. Azken finean, minik ez badu sentitzen, gaizkile guztien kontra aritzea ez litzateke problema izango…. Egia esatearren, mina ez duzu zuk sentituko, bai, ordea, gorputzak hartu. Ondorioz, hil hurren izan zaitezke, neska salbatu eta pelikula bukatu baino askoz lehenago…
Abiapuntu zoragarri eta xelebre horrekin, Darkek, Robertek eta Lars E. Jacobsen gidoigileak gure hiriburuetako erdialdeko luxuzko zine aretoetan ez den film marka guztiez fuerakoa egin dute. Azkarra. Bizkorra. Burlatia. Umoretsua. Gore samarra. Ultra/Mega/Artxi bortitza.
Badira Darkek, Robertek eta Larsek hobea egiterik bazutela esaten dutenak. Baliteke, baina dagoen bezala oso ondo funtzionatzen du. Hiriburuetatik iskinetan dauden saltokiguneetako aretoetan, arkitektura eremu erromantikorik ez duten auzoetako zinemetan, metroko geltokitik hainbat kaletara dauden saloietan, non krispeten usainak airea betetzen duen. Non zinezale ozpinduek kabidarik ez duten. Non zinejale aseezinok ordainsari gozoa hartzen dugun.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa