08:21

albisteak

Sinadura

Bitan aske, Joao; bitan aske, Berlinen. Haratago ere

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Irabazi du "El Diablo fuma"k Berlinen. Irabazi behar eta merezi zuelako, baina 2025 honetan bazen bertan beste lan bat EQZEko ikasle ohi batek sortua, Paula Tomas Gomez portugaldarrak sinatua dugun "Duas vezes Joao liberada".

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bai, Berlinale aurtengoaren Perspectives sail berri-berrian irabazi zuena Ernesto Martinez Bucioaren El Diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerilos qemados en la misma caja) mirakulutsua izan zen. Merezimendu handiz eta osoz irabazi ere, bere zeluloidean bat egiten baitute, inolako errezelorik gabe, errealismo magikoak eta oinak lurrean dituen magiak; bertan egiten baitute estropezu eta talka haur batzuen ametsek, amets gazi-gozoek eta funtzionario zenbaiten irudimen ezak, mundu arautu batez harago den bizimodua ulertzeko beren abilezia faltak.

Irabazi zuen Berlinen Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolan ikasi duen Ernestoren filmak, Deabruak babesturiko delizia mikatz honek. Odei Zabaleta euskalduna izan du  sortzaile mexikarrak argazki zuzendari fin eta muntaketan laguntzaile fidela, Michel Gaztambide maisu handia izan da gidoiaren aholkularia zelarik.

Irabazi du El Diablo fumak. Irabazi behar eta merezi zuelako, baina 2025 honetan bazen bertan beste lan bat EQZEko ikasle ohi batek sortua, Paula Tomas Gomez portugaldarrak sinatua dugun Duas vezes Joao liberada. Hemen ere errealitateak eta errealitate horrez gaindi den auskalo zerk egiten dute topo, irudiarekin, hitzekin, soinuarekin, zinemaren artifizioarekin, Fantasiarekin, Historiarekin sortutako jolas eta joko maltzur batera  eramaten gaituen topaketa mugarik gabea.

Behin batean ba omen zen Portugal aldean agian gizon, agian emakume zen pertsonaia. Egun genero identitate kontutzat hartuko genukeen hori sorginen gauzak zirela uste (sinisten) zuten gehienek joan diren mendeetan, are sakonago sinetsi ere Inkisizioaren zerbitzari leial eta sutsuak zirenek….

Paularen filmean, Joao izeneko gizakiaren inguruko pelikula ari dira filmatzen pelikulero hainbat baina moja izatera ere iritsi zen pertsonaia horrek salto egiten du kameratik bizitzara (edo aldrebes, batek daki), aktore nagusiaren segurantza oro azpikoz gora jarriz eta dituen duda guztiak areagotuz..

Oso lan guapoa, maleziatsua, soinuaren eta pelikularen beraren (irudia gordetzen duen materiaz, lehengai delikatuaz ari natzaizue) aukera guztiez baliatzen dena, umorea zein diskurtsoa ederki asko gobernatzen dituena, mamuak eta begiz jotako zinemagile gaixoak existitzen direla dudatan jartzen ez duena, sufrikarioaren eta borrokaren  artean borroka eta erresistentziaren alde egiten duena, 16mm-ko zeluloidea era dotore batez maneiatzen duena. Bere buruari eta guri ere galdera garrantzitsu pare bat egiten diona, diguna: norenak dira istorioak kontatzeko eskubide eta erantzukizuna? Norena, irudia kontrolatzekoa? Noiz eta nola egin errebolta, zuzendaria filmatzen ari den horrekin ados ez bazaude?

Burua, begiak eta belarriak bete harridura uzten gaituen pelikula bihurri hau txalo zaparradaz jaso zuten ustekabean harrapaturiko Berlingo Alexanderplatzeko Cubix aretoa mukuru bete zuten ikusleek. Ez zuen irabazi, baina ziur zinemaldiz zinemaldi ibiliko dela matxinadarako (baita trufarako ere) prest.

Ziur gure etxe ez hain ondoko ez hain korrienteetako aretoetako batean estreinatuko dela inoiz, berandu baino lehen;  hamaika identitate bilduko dituen zeremonia eder batean.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen