albisteak
Sinadura
Begoña del Teso
Aukeraketa guztiak nola, Goya sarietarako hautuak ez dira, inoiz ez, bidezkoak. Ezta bidegabekoak ere. Dira. Eta kitto.
Futbol partidu bat balitz bezala, hainbat irratik, zenbait zinema aldizkaritako webguneek, hamaika tiktokerrek eta youtuber andana batek eman zuten zuzenean zeremonia bat, zinema gala bat. Noiz? Asteazkenean. Zein? Goya sarietarako lehia bizian nortzuk izango ziren agerian utzi behar zuen hura. Irakurketa baino ez zen izan, baina sareetan emozio ikaragarria antzematen zen, igandean Gabonetako Loteriaren sariak kantatuko dituztenean sentituko dugunaren antzekoa. Emozioa, zirrara, esperantza, etsipena batzuengan eta besteengan. Luzea izan baita bidea izendatuak zeintzuk ziren jakin arte. Luzea eta, askotan, latza.
Ez da erraza tokia hartzea, aurkitzea norgehiagokaren hasieran, izendapenak helburu. Badira hilabeteak hasi ginela gure helbide elektronikoetan posta kasik desesperatuak jasotzen; horietan, hainbat euskal jendeak galdetzen zuen ea Espainiako Zinema Akademiako kiderik ezagutzen ote genuen.
Asmoa zera: izendatuak izan nahi zuten horiek egindako filmaren kopia edo estekak akademiakideei bidaltzea. Ziur zeuden botoa eman behar zutenek euren lanak ezagutuz gero, aldeko apustua egingo zutela. Baina zaila, zaila oso, zen eskubidea duten horiengana heltzea.
Beste batzuek kritika bat eskatzen zuten, arren eta otoi. Entrebistek ez omen zuten balio. Ezta aipamen soilak hedabideetan, nahiz eta onak izan. Horrelakoei ez omen diete erreparatzen Akademiako jaun-andre txit gorenek. Kritikei, ordea eta omen, bai.
Ankerra beraz eta berez izendapenetan izan ahal izateko esfortzua. Aukeraketa guztiak nola, Goya sarietarako hautuak ez dira, inoiz ez, bidezkoak. Ezta bidegabekoak ere. Dira. Eta kitto. Zergatik geratu da kanpoan Iruñan jaiotako Najwa Nimri Urrutikoetxea aktorea? Ez al zuten kritika guztiek eta ikusle orok esan La Virgen roja-n egiten duen lana bikaina, sekulakoa, aparta zela? Nola liteke pelikulan bere alaba antzezten duen Alba Planas aukeratzea eta berarekin ahaztea????
Zergatik Oiartzungo Mirokutana ekoiztetxeak sostengaturiko Joan Mari idazle altzatarraren semea den Ekain Irigoienen Europa labur fina ere zerrendetan aipatu ez? Ez al ditu korritu jaialdi pila eta sari andana metatu? Ez al da balentria tekniko bat eta gozo-gozo harrapatzen zaituen ipuin garratza?
Nolatan ez dugu izendapenetan Luso Martinezen Céntrico aurkitzen? Abiapuntua kristorena da: zein da terrorerik handiena? Etxerik ez izatea. Zer dela eta? Ez baduzu bizilekurik, ezin mamurik izan. Eta mamurik gabe ezin etxe hori alokatu mamuak gustuko ditugun frikioi!!!! Terrore soziala proposatzen digu Lusok, Nerea Alberdi bizkaitarraren musikaz lagundurik. Sitgesen eta Pasaian sari potoloak irabazi bazituen ere, ez pentsa: ez da agertzen Goyetarako aipamenetan.
Eskerrak gutako hainbatek lortu dutela bertan izatea. Esaterako, Marco filmeko kuadrilla gipuzkoarra, hala nola Arantxa Echevarriaren La Infiltrada-n lan egiten duten Sara Mazkiaran (zuzendari laguntzaile gisa) eta arte sailean jardun duen Itziar Otxoa Garmendia. Eskerrak beste film laburrekin lehian Eneko Sagardoyen Betiko gaua ikusten dugula fier eta animoso ikusi ere. Mingotsa da Elena Iruretak eta Miren Gaztañagak antzeztutako ipuin motz hori: bi emakumeren bizipenak aurrez aurre jartzen dira, iluntasunak bildutako kameraren aurrean.
Erretransmititu zuten ia denek Goya sarietarako izendapen zeremonia, bai. 2025eko otsailaren 8an jakingo dugu nortzuek irabaziko. Bitartean, dasta itzazue Emilia Perez, Nosferatu edo Quand vient l´automme. Huts egin gabe. Ez baitago ez ikusteko aitzakiarik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa