10:51

albisteak

Sinadura

Bigarrena estreinatu berritan, errepasoa lehenbizikoari

Bego del Teso

Bego del Teso

Donostiako Zinemaldian El hoyo 2 estreinatu zen jende, zale, miresle, adoratzaile makina, andana, saldo baten txalo eta oihu artean. Hain ziren zale, hain ziren jendaia leial sutsuak, ezen artean bigarrena proiektatu ez bazen ere batek baino gehiagok eskatu zuten, ezin ozenago eskatu ere, El hoyo 3.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Izugarriak Abadiñoko Galder Gaztelu-Urrutiak, Bilboko Basque Filmsek eta lantalde guztiak beren El Hoyo 2020ko filmarekin Netflix plataforman hautsitako markak. Orain artio, 82 milioi bistaratze izan du.

Plataforma bereko ikusle ororen esku eta begietara iritsi baino astebete lehenago, Donostiako Zinemaldian El hoyo 2 estreinatu zen jende, zale, miresle, adoratzaile makina, andana, saldo baten txalo eta oihu artean. Hain ziren zale, hain ziren jendaia leial sutsuak, ezen artean bigarrena proiektatu ez bazen ere batek baino gehiagok eskatu zuten, ezin ozenago eskatu ere, El hoyo 3.

Bi filmen nondik norakoa ederki ezagutzen dute planetan zehar sakabanaturiko milioika lagunek. Porlanezko eraikuntza estrainio batean, 333 maila dituen batean, badira giltzapeturik edo (edo idatzi dut zeren eta nahita  sartu baitira, auskalo zeren bila, zeren desiran, zeren ezkutuan) ehundaka pertsona. Goiko mailetan dirautenek nahiko ondo jaten dute, egunero zerbitzatutako plater gozoak. Beste mailetan daudenek, alta, besteek utzitako hondarrak baino ez dituzte jasotzen. Azken pisuetan bizirauten saiatzen direnak gosez hiltzen dira. Bai, Danteren Jainko Antzerkia  ematen du…. Bai, El Bosco eta Brueghelen koadroak etortzen zaizkizu, gezi-kolpetan, buru, errai eta begietara.

El Hoyo/El Hoyo 2, 82 milioi bisitaldi eta gorantz. Pelikula bigarrena estreinatu bezain pronto, Bilboko Bentosa bidean den Last Tour Liburuak izeneko argitaletxeak Dentro del Hoyo liburu ezin ederragorik kaleratu du. Kulturari, Interneti, podcastei buruzko jardunaldien antolatzailea eta Caostica kolektibo zinematografiko estralurtarraren kidea den Juan Dopico Massobriok eginda,  azal gogor, dotore, luxuzkoa duen beltzez eta urrez tindaturiko  liburukoteak errepaso erabatekoa egiten dio Galder Gaztelu- Urrutiaren pelikulari, bere sekretu, misterio eta erreferentzia kasik guztiak argitan (erdi itzaletan ere) utziz.

Juan ez da Don Inor Ez El Hoyoren unibertsoan. Izan ere,  Community Manager izan zen bertan. Baita filmaketaren argazkilaria ere. Eta aktorea. Are,  Zorion Eguileorren beraren  akziozko  ordezkariaren beharra burutu zuen lehengo saioan. El Hoyo 2n, berriz EHUko lizentziatu honek, Bartzelonako  Pompeu Fabra Unibertsitatean Arte Digitalak ikasi zituenak, making of-a sortzeko ardura onartu zuen

Liburuan, pertsonaia guztien berri zehatza jasotzen dugu. Goreng. Timagasi. Imoguiri. Miharu. Brambag jauna. Baharat. Baita arakatu daitezkeen erreferentzia denak ere. Kixotea. Dante. Vicenzo Nataliren Cube, Luis Buñuelen El ángel exterminador, Denis Villeneuveren Next Floor laburra Ridley Scotten Blade Runner, Itun Berria bera,  Kyle Patrick Alvarezen  Experimento en la prisión de Stanford film bastante gaizki ezaguna…

Pisu eta bolumen handiko liburu honek  ustekabean harrapatzen du irakurlea, orrialdeetan barna errezetak eskaintzen dituelako. Printzipioz, ez duzu uste kozina liburu bat erosi duzula. Baina hor daude; sekula dastatu ez dituzun hamaika jaki prestatzeko gomendio biziak. Zer motatakoak? Ba, esaterako… barraskiloekin gisaturiko zerri eskuak, zitrikoz eta vodkaz eginiko koktela (piperbeltza daramana), ukitu mina duen baratxuriz kozinaturiko saguzar zopa krematsua, panna cotta sintetikoa, 3Dko inprimatzeren bitartez lortua; oliba beltzezko zementu jangarria…  Nori otu zaizkio atrebentzia horiek guztiak? Bi Michelin izar dituen David Garcia Pereda bilbotarrari. 128. orrialdean dagoena, baina, nutrizionista baten asmakizun/asmakeria da. Goreng pertsonaia nagusiak flako, oso flako egon behar zuen bi filmetan. Alejandro Tomas nutrizionista arduratu zen Iván Massagueren argaltzeko dietaz; espinakak, ardi-mihiak, errukula eta 150 gramoko beste begetal sorta bat.  Horixe izan ohi zen aktorearen afaria filmaketek iraun zuten bitartean…

Juan Dopicoren liburua esku artean eta begi aurrean edukiz gero, Bilbao Exhibiton Centerren, okindegi industrial batean, Gaztelugatxeko San Joanen, Euskaldunaren inguruetan filmatu zen El Hoyo lehenbizikoak ez du izango, hemendik aurrera, zaleentzako sekreturik. 250 orrialde horietan Aranzazu Calleja musikaz aritzen da. Eta argiaz Jon Dominguez. Liburua itxi gabe, lantaldearekin joango gara zinemaldiz zinemaldi (Donostiako Beldurrezko Astea barne…).

Bilbon aurkeztuko da, jakina, liburu markaz kanpokoa. Sitgesen izana da  autorea. Fantastikoaren akelarre Kataluniakoa Paul Urkijorekin partekatu du Dopicok. Gaua izenburuko bere hurrengo filmaz hitz egiteaz aparte, Arabako semeak paperezko beste zinema puska bat erakutsi zuen han, Iratiren inguruko art book delakoa, arte liburua. Bai Juanek bai Paulek beren lan tintazkoak eramango dituzte Donostiara ere.

Zin dagizuet, hildako guztiak berpiztu aurretik, Santu Guztiak lurrera jaitsi orduko, izango duzue arte liburu bi horien berri. Azaroa baino lehen ukituko, laztanduko, miaztuko  usainduko eta irakurriko dituzuela ematen dizuet hitza. Bai Bilbon, bai Donostian. Terrorearen miresle erremedio gabekook ikusteko irrikaz gauden Terrifier 3 estreinatu baino lehen. Zinez diotsuet.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena