09:49

albisteak

Sinadura

Merezia duen bizitza baino gutxiago onartuko ez duen neskaren istorioa ikusiko duzu?

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Gore estiloko film nazkante eta odolduek botagura eragiten dizute? Oso serio hartzen duzu zinemak esandakoa, erakutsitakoa? Horrelakoxea bazara ezingo duzu dastatu Ti Westen eta Mia Gothen Maxxxine jukutria, barrabaskeria delizios infernuzkoa.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bada gure karteldegietan Deadpool eta Wolverinek leihatilan lortu duen bezain dirutza neurriz kanpokoa (bilioi bat dolar) eskuratuko ez duen filma. Bada gure aretoetan Le Comte de Monte-Cristok kostatu duen 43 milioi euro baino asko gutxiago kostatu duena. Badira gure etxe ondoko zinematoki korriente eta ez hain korrienteetan hiru pelikula zuen haurrekin gozatu modukoak, Despicable Me (Gru) 4, Inside Out 2 eta Buffalo Kids. Segituan komentatuko duguna ez da halakoa. Ezingo duzu joan etxeko txikienekin. Ezta senideen artean minbera, sentibera eta izutiena den horrekin ere. Sutsu eta gustura komentatu behar dugun zine puska zuk zeuk bakarrik ikusi beharko duzu. Agian. Apika. Akaso.

Zerorrek erabaki. Begiak erdi itxita jarraitzen dituzu beldurrezko pelikulak? Gore estiloko film nazkante eta odolduek botagura eragiten dizute? Oso serio hartzen duzu zinemak esandakoa, erakutsitakoa? Uste al duzu Hollywood deabru eta demonio guztien menpe (heavy metal musika nola) dagoela? Film ganberroek ez dizute graziarik egiten? Hollywoodera turista moduan joango bazina, ez zinateke, ba-da-ez-pa-da-ere Psycho filmaren atrezzoko Bates motelean sartuko ezta, are gutxiago, bertako bainugelan ere?

Sarrerak zozketa batean irabazi ere, ez zenituzke karteldegian irmo dirauten Alien-Romulus, La Trampa edo Longlegs inoiz eta inola ere ikusiko? Eskatu al zenieke, berriz, sariketaren antolatzaileei, arren eta trukean, Bernadette eta N´avoue jamaisentzako txartelik?

Horrelakoxea bazara aipaturiko egoeretan horrela jokatuko bazenu, ez da duda izpirik, ezingo duzu dastatu Ti Westen eta Mia Gothen Maxxxine jukutria, barrabaskeria delizios infernuzkoa.

Penaz diotsut pareko gutxi duelako gure pantailetan. Ez dira hainbeste film den dena nahi duen neska horren erretratu gordina gainditzen dutenik. Gutxi (kasik bat ere ez) dira horren ausartak, horren zuhurrak, horren gaiztoak. Gutxik ahal dute horren mundu traketsa horren ondo eta horren garden-zuzen-baldar islatzen. Gutxik daukate Hollywoodeko errai ilunduetan kokatua den kontakizun basa honek duen soinu banda. Ausartuko bazina aretoan sartzen Judas Priesten Prisoner of Your Eyes, Frankie Goes To Hollywooden Welcome to the Pleasuredome edo Bette Davis Eyes entzungo zenituzke belarriak zarata eder-perilos bete.

Pena handia ematen dit zuk Maxxxine ikusi ezin izateak. Darion 80ko hamarkadaren zaporeak bizi gaitu asko. Belauniko jarri gara filma aurrera atera dutenen frentean. Belauniko baina erne ezin baituzu inorekin fido. Are gutxiago X eta Pearl bezalako zine puska pozoitsuak burutu dituen Ti Westekin. Gur egingo diogu, nola ez? Mia Goth aktoreari baina sekula ez bizkarra emango bera ibili baita ekoizle afanetan txakurkeria zeluloidezko honetan… Zein lagun? Universal Studios, alajaina! Ekoiztetxe honek sortu/eratu/gorpuztu/gauzatu zuen beldurrezko zinema. Berak eginak dira Frankenstein eta Drakula lehenak. Berak eginak Psycho eta Jaws

Penaz diotsut Maxxxine ez zenukeela aguantatuko baina pena horrek bultzatua galdetzen dizut maitekiro… eta ausartuko bazina, zer?

Izan zaitez balent, ikus ezazu izarra bilakatu nahi zuen neska baten erretratua. Pasarte askotan David Lynch bera ekarriko dizu burura baina, ai ama, litekeena da zuk Blue Velvet bukatugabe utzi behar izatea beti, bai? Sentitzen dut. Zugatik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena