14:25

albisteak

BAKE PROZESUA

Foro Sozialak amaitutzat eman du bere ibilbidea: “Herri hobeago bat utzita goaz”

EITB MEDIA

Foro Sozial Iraunkorrak gaur amaitu du 10 urteko ibilbidea, Donostian egin duen VI. biltzarrarekin. Lortutakoari aitortza egin ondoren, "zenbait biktimekiko diskriminazioarekin amaitzea" eta "kontakizunaren borroka" bezalako zereginak geratzen direla azpimarratu dute.

01:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile nagusia Euskadi Irratiko Goiz Kronikan izan da, azken urteei buruzko gogoeta eta balantzea egiten. Nota altua ezarri dio egindako lanari eta dinamika berri bati ekiteko garaia dela esan du.

Harro mintzatu da, bereziki, eztabaidatzeko kultura bultzatu dutelako, eragile "guztiak" inplikatzeko gai izan direlako; eta, aurreiritzi eta mesfidantzei aurre egitea lortu dutelako. Alabaina, aitortu du ez dutela lortu gazteengana nahi bezala heltzea.

Aurrera begira, berriz, dinamika berri bati ekiteko garaia dela esan du, eta, interesgarritzat jo du azken urteetan sortu diren "ezbaida espazio diskretuei" eustea.

Gaur, izan ere, VI. eta azken biltzarra egin du Foro Sozialak Kursaalen, 10 urtetako ibilbideari amaiera emanez. 09:30ean, Eneko Goia Donostiako alkateak inauguratu du topaketa eta goizean zehar bakegintzarekin lotutako hainbat ponentzia izango dira.

Entzuleen artean euskal alderdi politikoetako hainbat ordezkari izan dira: Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidentea, Gari Mujika EH Bilduko zuzendari nagusia, Arritxu Marañon PSEko batzarkidea eta Arantxa Gonzalez Ezker Anitzako Gipuzkoako koordinatzailea, esate baterako.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza, LABeko Garbiñe Aranburu, Steilaseko bozeramaile Nagore Iturrioz eta UGT Euskadiko idazkari nagusi Raul Arza ere bertan izan dira.

Komunikabideak azken batzarra jarraitzen. Argazkia: Foro Soziala

Komunikabideak azken batzarra jarraitzen. Argazkia: Foro Soziala

Ekitaldi nagusia eguerdian izan da, Brian Currin abokatu eta bake prozesuetako bitartekariaren hitzaldiarekin eta biktima guztiei egin zaien omenaldiarekin.

Brian Currin: "Bakea indarkeriari gailentzen zaionean, guztiak dira irabazle"

Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko (GIC) burua izan zenak eta 2011ko Aieteko konferentzian parte hartu zuenak bideokonferentzia bidez hitz egin die Kursaaleko entzuleei: "Bake-prozesuaren emaitza ez da bando baten garaipen gisa ikusi behar, bakerako garaipen gisa baizik", azaldu du eta "bakea indarkeriari gailentzen zaionean, guztiak dira irabazle", gaineratu du.

Foro Sozialaren lana goraipatu du, "bake prozesua bere azken helmugara" eramatea lortu zuelako, "ETA talde terrorista gisa desegin arte"; eta berradiskidetzearen alde egindako lana ere nabarmendu du, "urte asko behar dituen prozesua" dela ohartaraziz.

Amaitzeko, Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozialeko bozeramaileek urte hauetako 12 "ikaskuntza nagusiak" biltzen dituen agiria irakurri dute. "Ezinezkoak ziruditen" gaietan aurrera egitea lortu dela azpimarratu dute: ETAren armagabetzean eta desegitean, presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzean eta biktimen errekonozimenduan eta erreparazioan, esate baterako.

Hemendik aurrera lortu beharrekoen artean aipatu dituzte, berriz, "biktimen arteko tratuan dagoen diskriminazioarekin amaitzea" eta presoen "integrazio ibilbideetan" aurrera egitea.

Foro Sozial Iraunkorraren Historia

Bake Bideak eta Lokarrik antolatutako lehen Bake Foroa Biarritzen egin zen 2012ko abenduan. Ondoren, 2013an eta 2014an "bake prozesuan bultzatzeko lehen bi Bake Foroak" antolatu ziren Bilbon eta Iruñean, Lokarriren, Bake Bidearen eta beste erakunde batzuen eskutik.

2015ean Lokarrik bere ibilbidea amaitu ondotik, 2016ko urtarrilean III. Foro Soziala egin zen, armagabetzea ardatz hartuta. III. Foro Sozial hura bultzatzearekin batera, hausnarketa-prozesu bat abiatu zen Gernikan, "Foro Sozial Iraunkorrari" forma emateko. Urrian aurkeztu zen, Donostiako Aiete Jauregian, Bakearen aldeko Nazioarteko Konferentziaren 5. urteurrenean.

Urrats erabakigarriak ematea ahalbidetuko zuten adostasunak sendotzeko asmoz, orduz geroztik Foro Sozialak antolatu ditu armagabetzeari, presoei, biktimen eskubideei, bizikidetza demokratikoari edo memoriari buruzko gomendioak emateko.

Zenbait pertsonak eta gizarte zibileko hainbat erakundek osatu dute erakundea: ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK; Ahotsak, Bake Bidea, Baketik, Paz con Dignidad; Sare, Etxerat, Egiari Zor Fundazioa; Gernika Batzordea; Bilgune Feminista, Herri Eliza, Antxeta Irratia eta Hitz & Hitz).

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena