albisteak
Analisia
Felipe Etxebarria
Gobernu britainiarraren arabera, AstraZenecak Erresuma Batua hornituko du lehenik eta gero jarraituko du munduan saltzen. EBk, berriz, txertoak Erresuma Batura esportatzea galarazi nahi du.
Albisteak (1)
Felipe Etxebarria
Oxford-AstraZeneca konpainia covid-19aren aurka ekoizten ari den txertoaren horniketan atzerapen handiak izaten ari dira Europar Batasunean. Oraingoz, EBko herritarren % 2 baino ez dituzte txertatu. Bien bitartean, Erresuma Batuan ez dute inongo atzerapenik izan eta dagoeneko herritarren % 10etik gora txertatu dituzte.
Gainera, konpainia horren arduradunek iragarri dutenez, lehen hiruhileko honetarako agindutakoaren laurdena baino ez diote bidaliko Europar Batasunari, eta ez dute argitu zein den horren arrazoia. Aldi berean, gobernu britainiarrak jakinarazi duenez, Erresuma Batuan ez da horniketa atzerapenik izango, ez behintzat Ingalaterran dauden laborategietatik bidalitako txertoei dagokienez, eta adostutako 100 milioi dosiak garaiz jasoko dituzte. Britainiarren horniketa amaitu eta gero jarraituko omen dute mundu osora saltzen. Oxford-AstraZenecak hori azaltzeko esandakoaren arabera, britainiarrekin hiru hilabete lehenago sinatu zuten kontratua.
Azalpen horrek haserre bizia sortu du Europar Batasunen. Stella Kyriakides komisarioarentzat azalpen hori onartezina da. Horren ustez, Europar Batasunak eta Erresuma Batuak tratu berdina jaso behar dute. Europar Batasunak 336 milioi euro inbertitu ditu konpainia horretan 400 milioi dosiren truke, eta horietatik 100 milioi apirila baino lehen jaso beharko lituzke, baina horren laurdena baino ez da helduko.
Boris Johnson lehen ministro britainiarrak are gehiago berotu du giroa. Horren ustez, "tamalgarria" izango zen Erresuma Batuak, plan propioa izan beharrean, Batasunaren txertaketa programan jarraitu izan balu.
Txertoen borroka are gehiago areagotu daiteke. Alemaniak bultzatuta Europar Batasuna AztraZenecak Herbehereetan eta Belgikan ekoizten dituen txertoak Erresuma Batura esportatzea debekatzeko prestatzen ari da, eta gauza bera egin nahi du Pfizer/BioNTechek Europan egiten dituen dosiekin.
Iaz, Brusela eta Londresen artean brexitaren inguruko negoziazio gogorrak eta tentsio handikoak izan ziren, eta orain, txertoen auzi honekin, harremanak berriz okertzeko arriskua dago, txertaketaren atzerapena dela-eta Europar Batasuna kritika gogorrak jasaten ari baita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa