18:17

albisteak

ANALISIA

Geuretako bat

JUANJO SAN MIGUEL | EITB MEDIA

JUANJO SAN MIGUEL | EITB MEDIA

Gizarte zatiketa Estatu Batuetan bere historia bezain zaharra da, eta historia horri zuzenean lotuta dago, besteak beste, esklabutzan oinarritutako gizartea delako.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Estatu Batuetako Kongresuaren aurkako erasoak eta ondorengo irudiek harridura eta ondoeza eragin dituzte. Nongoak ziren esan ez baligute, bat etorriko ginateke Trumpen aurreko azken presidente errepublikarrarekin, George W. Bushek esan baitzuen horrelako irudiak, horrelako jokaerak banana errepubliketakoak direla eta ez errepublika demokratikoenak. Komunikabideek eta sare sozialek erakutsitakoak beldurra ere zabaldu du, han hori gertatu bada, antzerakoa edo okerragoak beste edozein lekutan gerta litezkeelako.

Komunikabideek, soziologoek, adituek… Nahi adina arrazoi eman dute gertatutakoa ulertarazteko, eta seguruenera arrazoia dute. Baina Trumpek izandako portaerak zenbait jokabide areagotu baditu ere, Estatu Batuetako gizartean eta politikagintzan Trumpen aurretik zeudenak eta Trumpen ondoren izango direnak erakusten digute horrelako zerbait gerta zitekeela. Gizarte zatiketa bertako historia bezain zaharra da, eta historia horri zuzenean lotuta dago, besteak beste, esklabutzan oinarritutako gizartea delako. Hori izan zen XIX. mendeko gerra zibilaren eragiletako bat,eta ordutik hona zenbait kontu bideratu beharrean sakondu egin dira.

Politikagintzak eta hauteskunde sistemak, berriz, ez dute konponbidea errazten. Estatu Batuetan aukerak zuri eta beltz dira, ez dago erdibiderik, demokrata edo errepublikanoa zara, ezin diozu beste inori eman botoa erabat galdu nahi ez baduzu. Horren ondorioz Donald Trumpek hautagai errepublikano batek inoiz lortutako boto kopuru handiena eskuratu du, besteak beste herritar askok garbi zeukalako nori ez zion botoa emango. Eta hor dago kezkatzeko arrazoia, Trumpek orain dela 4 urte ia 63 miloi boto lortu zituen, bere agintaldi harrigarri honen ondoren 11 miloi boto gehiago jaso ditu. Egia da boto hori eman dioten askok eta askok ez dutela bere izaera, politikagintza eta portaera pertsonala onartzen,baina hala ere estatubatuarren erdia dago Trumpen aldekoen artean.

Washingtongo istiluen ondoren buru errepublikanoek eta demokratek, Europako estatu eta gobernu buruek adierazi zuten hori ez zela Estatu Batuen benetako izaera, baina zoritxarrez pentsa liteke, Estatu Batuen irudi bat behintzat badirela eta asko, gehiegi ziur aski, prest daudela azken lau urtetan zuzendu dituenak esandako guztia sinesteko, gezur biribila izan arren, begiak ireki orduko asmakizun hutsa dela egiaztatu badaiteke ere. Eta itsutasun horrek sortzen ditu zalantzak eta beldurrak. Nola da posible ukaezina ukatzea? Nola liteke gu bezain azkarrak eta adimentsuak diren pertsonek errealitatea ukatzea, eta beraiek baino mugatuagoa eta traketsagoa den baten hitz zentzugabeak egi biribiltzat hartzea? Seguruenera garai arraro hauetan errealitatea ezabatzea eta itxuraldatzea posible delako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena