albisteak
Iruzkina
Felipe Etxebarria
Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuaren aurkako erasoak Trumpen agintaldiari amaiera jarri dio. Ondorengo orduak erabakigarriak izango dira Trumpekin zer gertatuko den ikusteko.
Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuaren aurkako erasoak Trumpen agintaldiari amaiera jarri dio. Izan duen jarrera ikusita, amaiera logikoa. Batez ere, azaroaren 3ko hauteskundeetako emaitzak iruzurra izan direla behin eta berriz errepikatu ondoren. Buruzagi errepublikanoek ere ez diote gehiegikeri horiei garaiz amaierarik eman.
Orain iparamerikarrek euren buruari galdetzen diote Trump gai izango ote den agintaldiari amaiera emateko geratzen zaizkion bi asteetan presidente izaten jarraitzeko. Kontutan izan behar da Trumpek bere eskuetan duela kode nuklearra.
Gertatutakoa hain larria da, hil honen 20a baino lehen boteretik botatzea planteatzen ari direla, baita bere alderdiko buruzagi politikoak ere. Hori posible izango litzateke “Impeachement” batekin edo Konstituzioaren 25. emendakina aktibatuta. Demokraziaren aurka matxinada bultzatzeagatik “delitua” leporatuta “Impeachement” prozedura martxan jartzeko, Ordezkarien Ganberako gehiengo sinple bat nahikoa da. Gero, Senatuko bi herena beharko litzateke boteretik botatzeko.
Bigarren aukera, Konstituzioaren 25. emendakina da. Hori da kasu honetan boteretik kentzeko aukerarik errazena. Horretarako Mike Pence presidenteordeak, eta haren gobernuko bi herenak, Trump presidentzia karguko betebeharrak betetzeko gai ez dela azaldu behar dute. Presidentea gaixotasun fisiko batengatik edo buruko gaixotasun batengatik presidentea bere kargua betetzeko gai ez denean jartzen da abian bide hori. Kasu horretan, Pence presidenteordeak beteko luke kargua behin behineko presidente moduan. Batzuen ustez, Pencek dagoeneko funtzio hori bete du bart Kapitolioaren ingurura Guardia Nazionala bidaltzea erabaki duenean.
Azken orduotan gertatutakoa ikusita, Estatu Batuetan ez da sinesgarria Trumpek azken agirian esan duena. Horren arabera, datorren urtarrilaren 20an izango den botere aldaketa baketsua izango da. Agiria bere laguntzaile baten Twitter kontuaren bitartez plazaratu behar izan du, berea blokeatu diotelako.
Ondorengo orduak erabakigarriak izango dira Trumpekin zer gertatuko den ikusteko, AEBk ezin baitu Trumpi karguan geratzen zaizkion bi asteak itxaron.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa