10:22

albisteak

Iruzkina

Zer gertatuko da otsailaren 1ean 'brexit'a indarrean sartzen denean?

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Erresuma Batuan bizi diren europarrentzat ez da ia ezer aldatuko, ezta kontinentean bizi diren britainiarrentzat ere. Enpresentzat ere ez da ezer aldatuko.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Urtarrilaren 31n Erresuma Batuak Europar Batasunetik alde egingo du, baina ez da nabarituko 2020ko abenduaren 31ra arte, denbora tarte horretan trantsizio epea indarrean izango delako. Erresuma Batuan bizi diren europarrentzat ez da ia ezer aldatuko, ezta kontinentean bizi diren britainiarrentzat ere. Enpresentzat ere ez da ezer aldatuko.

Erresuma Batua ez denez Europar Batasuneko kide izango, ez da haren erakundeetan ordezkatuta egongo. Beraz, ez du europarren erabakietan parte hartuko. Europako legediak, ordea, Erresuma Batuan indarrean jarraituko du, trantsizio-epea amaitu arte behintzat. Eta epe horren barruan merkatu bateratuaren, Mugen batasunaren eta arrantza politika bateratuaren menpe egongo da.

Otsailaren 1ean hasiko da trantsizio epea, eta orduan hasiko dituzte Bruselak eta Londresek negoziazioak. Etorkizunean izango dituzten harremanak negoziatuko dituzte. Europar Batasunaren izenean Michel Barnier frantziarra arituko da.

Zer aldatuko da Erresuma Batuan bizi diren europarrentzat?

Otsailaren lehen egunean ez da ezer aldatuko Erresuma Batuan bizi diren 3 milioi europarrentzat, ez eta kontinentean bizi diren milioi bat britainiarrentzat. Geratzeko, lan egiteko, ikasteko, edo familiarekin batzeko eskubidea izaten jarraituko dute. Bost urte gera daitezke, eta bost urte betetzean bertakoen estatusa eskatu. Orain arte 2,6 milioi europarrek eskatu dute egoiliar finkoaren estatusa, eta 2,3 milioik lortu dute. 5 urte baino gutxiago daramatenek (eskatzaileen % 41), baina, aurre-estatusa soilik lortu dute.

Aurre estatusak bizitzeko eta lan egiteko eskubidea ematen die. Bost urte bete ondoren, berriz eskatu behar dute estatus osoa eskuratzeko. Europar Batasunak oharra igorri die britainiarrei, eta esan die prozesua hurbiletik jarraituko dutela konpromisoak betetzen dituztela ziurtatzeko.

Erresuma Batura doazen bidaiariek pasaportea edo nortasun agiria aurkeztu beharko dute mugan, orain arte bezala, Erresuma Batua ez baitago Schengen Akordioan. Trantsizio epea amaitzen denean ere, Erresuma Batuan dagoeneko bizi diren europarren eskubideek berdin jarraituko dute.

Zer gertatuko da trantsizio epea amaitu ondoren?

Trantsizio epea amaitu eta gero, Erresuma Batura bizitzera doazen europarrek izango dituzten baldintzak ez daude zehaztuta. Trantsizio epean negoziatuko dituzte horiek Londresek eta Bruselak, eta baita etorkizuneko merkataritza harreman berriak ere.

Europar Batasunaren ustez, 2020ko abenduaren 31n amaitzen den trantsizio epea laburregia da hain negoziazio konplexuak aurrera eramateko, eta epea luzatzeko eskatu du. Baina Boris Johnson lehen ministro britainiarrak behin eta berriz baztertu du aukera hori. Bere esanetan, Erresuma Batua Europar Batasunetik erabat kanpo izango da 2021ko urtarrilaren 1ean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena