albisteak
Iruzkina
Felipe Etxebarria
Frantzia eta Alemaniaren arteko harremanak ahulduta geratzeaz gain, beste herrialdeei beren erabakiak onarrarazteko indarra ere nabarmen galdu dute bi herrialdeek.
Ia 21 ordu negoziatu ondoren, Europar Batasuneko goi karguak izendatzeko bilera akordiorik gabe amaitu da. Bihar 28 buruzagi europarrek berriz jarraituko dituzte negoziaketak: Gainera, uztaileko 14 arte luzatu daiteke akordioa lortzeko epea. Argi dagoen gauza bakarra zera da, Frantzia eta Alemaniaren arteko ardatza apurtuta geratu dela. Bi herrialdeek goi-bilerara jarrerak adostuta eramaten zituzten garaia amaituta geratu da.
Eztabaidan izan den azken proposamenaren arabera, Europako Batzordeko Presidentetzarako, Frans Timmermans sozialdemokrata holandarra; Manfred Weber alemaniarra, hauteskundeak irabazi zituen Europako Alderdi Popularreko hautagaia, parlamentuko Presidentetzarako; Kristina Georgiega bulgariarra eta Munduko Bankuko goi arduraduna, Kontseilu Europarreko presidente; Margrethe Vestager liberal daniarra, Europako Batzordeko lehen presidente orde izateko; eta Charles Michel belgiarra, Atzerri Harremanetarako Goi Arduraduna.
Negoziaketa hauetan Frantzia eta Alemaniaren arteko ardatza erabat astinduta geratu da. Alde batetik Macron presidenteak Weber, Merkelek nahi zuen lehen hautagaia, ez duelako onartu. Bruselako goi bilera baino lehen, Japonian G-20aren goi-bileran Merkelek amore eman eta Weber behera utzi ondoren, Alemania, Frantzia, Holanda eta Espainia ados jarri ziren izendapenen zerrenda Bruselako goi-bilerara ekartzeko. Baina Europa Ekialdeko gobernuek, batez ere, Poloniak eta Hungariak ez dute Timmermans onartzen, Batzordeko presidenteorde moduan beren aurka arau demokratikoak urratzeagatik prozesuak abian jarri dituelako. Gainera, herrialde hauek Italia, Irlanda, eta Kroaziaren babesa dute.
Beraz, argi geratu denez, Frantzia eta Alemaniaren arteko harremanak ahulduta ez ezik, beste herrialdeei beren erabakiak onarrarazteko indarra ere nabarmen galdu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa