albisteak
IRUZKINA
Juanjo San Miguel
Horrelakoak gertatzeko ez dago inongo arrazoirik, edo arrazoi horiek asko eta kontrajarriak dira, aditu bakoitzak bereak ematen dituelako gehienetan ,bat egia izanik bestea ezinezkoa bada ere.
Armagintzako enpresek irabazi handiak izan dituzte Mundu guztiko burtsetan. Parisko atentatuen ondoren adituek eta inbertitzaileek uste dute dirua hor jarri beharra dagoela,armak eta gerrarako tresneria eta baliabide gehiago beharko dugulako hemendik aurrera.Agintariek esan digute gerra egoeran gaudela, hau da bi talderen artean gerta litekeen gatazka mota larriena bizi dugula, baina ez dakigu garbi zeintzuk diren talde horiek, noren artekoa den borroka hori. Esan digute prest egon behar dugula, egoera larriei aurre egiteko, eta, agian, hemendik aurrerakoa ezberdina izango dela eta ohitu egin beharko dugula.
Baina, ez dakigu nolakoa izan den orain artekoa gehienontzat, eta, are gutxiago, nolakoa izan ote den gizartea goitik behera aldatu nahi duten hauentzat. Gazteak, jatorri arabiarra dutenak eta hiri handietako auzo baztertuetako biztanleak. Baten amak dio bere semeak orain dela hilabete utzi ziola haxixa erretzeari, itxuraz, egin beharrekoa egiteko arima prestatuta edukitzeko. Beste bat familia onekoa da, bere bizitzan zehar ez du aparteko zailtasunik izan, baina Mundu guztira zabaldutako irudietan Sirian gorpuz betetako autoa gidatzen azaltzen zaigu irribarretsu, festa giroan bailitzan. Gazte hauek orain dela gutxi arte gaizkileak ziren, haxixa erre eta alkohola hartzen zuten. Halako batean, Tarsoko zaldunaren gisa, Damaskoko bidean erori eta guztiok salbatu nahi gaituzte, horretarako hiltzen hiltzeko prest dira.
Parisko atentatuak gertatu direnetik azterketaz, iritziz eta ikerketaz josita daude komunikabideak. Kazetariek, adituek, filosofoek gertatutakoari arrazoia, eragileak, oinarri oinarrian dagoena bilatu nahian azalpenak eman dizkigute, zer egin ez dugun gogoratu eta egin ditugun okerrak azpimarratu dituzte. Eta guk gure buruari galdetzen diogu zergatik gertatzen diren horrelakoak, zergatik nagusitzen den aldiro beldurra, zergatik ondoren baretu eta ahazten dugun. Horrelakoak gertatzeko ez dago inongo arrazoirik, edo arrazoi horiek asko eta kontrajarriak dira, aditu bakoitzak bereak ematen dituelako gehienetan ,bat egia izanik bestea ezinezkoa bada ere.
Beldurraren ondorioz, Europako gobernu guztiek segurtasun neurriak zorroztu dituzte, ondo jakin arren bateon batek bere buruaz beste egiteko prest bada, ez duela oztoporik izango harrapatzen dituenak aurrean eramateko. Sarraskiaren tamaina txikitu ahal izango dugu, baina ez erokeriarena.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa