15:55

albisteak

Egunkaria-ren aurkako epaiketa

ETAk ez zuela 'Egunkaria'n eraginik izan dio sustatzaileetako batek

Erredakzioa

Iñaki Zabaleta EHUko katedradunak ukatu egin du ETAk harremanik zuela kazetarekin. Epaiketa aste honetan bertan amaituko da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñaki Zabaleta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradun eta Euskaldun Egunkaria-ko sustatzaileetako batek nabarmendu du ETAk ez duela "inoiz" aipatu kazetan parte hartu edo eraginik izan.

Zabaletak lekuko bezala deklaratu du gaur Auzitegi Nazionalean, Egunkaria-ren aurkako epaiketaren laugarren saioan.

Hain zuzen ere, akusazioaren eta batik bat defentsaren lekukoen txanda izan da gaur epaiketa aretoan.

Horren ildotik, Egunkaria-ko sustatzaileetako batek, Iñaki Zabaletak, ukatu egin du ETAk kazetarekin harremanik zuela.

Txomin Aizpurua ETAko kide ohiak ere deklaratu du lekuko gisa, eta esan du ez duela ezagutzen Egunkaria-ren jaiotzari buruzko txostenik. Aizpurua 1991n atxilotu zuten, eta iazko abenduan aske utzi.

Saioa bertan behera geratu da arratsaldeko lehen orduan, Antonio Parrero AVTren abokatuaren ama hil egin baita. Bihar ere saioa egingo dute.

"Egia gailenduko da"

Gaurko saioa 45 minutu berandu hasi da Auzitegi Nazionalean. Aldez aurretik, Joan Mari Torrealdai auzipetuak adierazpen batzuk egin ditu kazetarien aurrean.

Bere esanetan, bost auzipetuok "lasai" joan dira gaur Madrilera, "fabulazioen gainetik egia gailendu" egingo baita.

Dignidad y Justiciak eta Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) 12 eta 15 urte arteko kartzela-zigorrak eskatu dituzte Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Juan Mari Torrealdai, Joxe Mari Auzmendi eta Xabier Oleaga auzipetuentzat, ETAko kideak izatea leporatuta.

Fiskaltzak, baina, ez du akusaziorik aurkeztu, ez delako frogatu ETAk Egunkaria-ren dirua erabili zuela edo egunkariak ETAren helburuak konpartitzen zituela.

Epaiketaren lehenengo saioan, joan den abenduaren 16an, akusatuek "erabat" ukatu zuten ETAko kide izatea eta "asmakizun"tzat jo zituzten Egunkaria ETArekin lotzeko ahaleginak. Deklarazio horiek baieztatu zituzten gero Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Carmen Gisasola eta Jose Maria Dorronsoro Malaxetxebarria ETAko kide ohiek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena