15:36

Mundua

Kaxmir jomuga, gatazka

Indiak misilekin eraso dio Pakistani, bi herrialdeen arteko tentsioa gorenera eramanda

Agencias | EITB Media

Erasoan 26 pertsona hil eta 46 zauritu dira. Indiaren arabera, apirilaren 22an Kaxmirko bere zatian Pakistanek egindako atentatuari emandako erantzuna da bonbardaketa. Islamabadek artilleria erasoa egin du, eta Indiaren arabera, 10 lagun hil ditu.

0:37
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

26 pertsona hil eta 46 zauritu dira bart Indiako Armadak Pakistanen eta Kaxmirren kontra misilez egindako bonbardaketetan. Islamabadek, horri erantzunez, artilleria erasoak egin ditu Indiak kontrolatzen duen Kaxmirko zatian. New Delhiren arabera, 10 pertsona zendu dira, tartean bi ume. 

Erasook jada oso gaiztotuta dagoen gatazka larriagotu dute. Aspaldikoa da bi herrialdeen arteko ika-mika, eta besteak beste, Kaxmirko eremua dela eta duten lehia (zati bat Pakistanena da, beste bat Indiarena, eta hirugarrena, Txinarena). 1947tik Britainia Handitik independentzia lortu zutenetik, bi gerratan nahasi dira eta 1998n borroka nuklearretik gertu izan ziren bi herrialdeak, lurralde osoa nork bereganatuko.

Gainera, apirilaren 22an atentatua izan zen Pahalgam herri turistikoan, Indiaren Kaxmirren. 26 pertsona hil ziren erasoan, eta Indiak Islamabad egin zuen erantzule. Erresistentziarako Fronteak aldarrikatu zuen atentatuaren egiletza.

Indiak, bada, atentatu horri erantzuteko modutzat jo du gaur abiatutako "Sindoor operazioa". Armadak ohar bidez azaldu duenez, misilekin egindako erasoak Pakistanen "azpiegitura terrorista" izan du jomugan. Indiako agintarien arabera, misilek ez dute Pakistango eraikin zibil, ekonomiko eta militarrik jo, eta horren erakusle-edo, satelite irudiak erakutsi dituzte.

Bestela dio Pakistanek. Islamabaden esanetan, hainbat zibil daude hildako eta zauritutakoen artean. Bertako agintarien arabera, Indiaren bonbardaketek kalteak eragin dituzte Neelum Jhelum zentral hidroelektrikoan, eta salatu du New Delhik Pakistango "baliabide hidrikoak" begiz jo dituela. 

Shehbaz Sharf Pakistango lehen ministroak "gerra ekintza"tzat jo du Indiaren erasoa, eta erantzuteko duen eskubidea defendatu du. Egoera aztertzeko, Segurtasuneko Nazio Kontseiluaren bilera deitu du buruzagi pakistadarrak, eta bertan erabaki dute herrialdeko Armadari  "Indiari erantzuteko boterea aitortzea". "Nazio Batuen Gutunaren 51. artikuluari jarraiki, Pakistanek erantzuteko eskubidea du, bere buruaren defentsan, egokia irizten dion tokian, unean eta moduan. Bizitza galdu duten pakistandar errugabeen eta bere subiranotasunaren urraketa larriaren aurrean mendekua hartzeko eskubidea du", esan du lehen ministroak, bileraren ondoren.

Ingurumaria horretan, Indiak segurtasun simulakro masiboa jarri du martxan gaur, balizko erasoen aurrean prest dagoela egiaztatzeko. Herrialdeko ehunka barrutitan egingo dituzte probak, New Delhin eta Bonbain tartean.

New Delhiko eskola bateko haurrak, simulakro betean. EFE

New Delhiko eskola bateko haurrak, simulakro betean. EFE

Simulakroa Indian 16:00ak direnean abiatuko dute (11:30ean, Euskal Herrian). Besteak beste, sirenak jarriko dituzte martxan, itzalaldiak simulatuko dituzte, ebakuazio planak errepasatu eta autobabeserako probak egingo dituzte lantegietan, eskoletan eta eraikin publikoetan.

Gatazka gori-gori dagoen honetan, elkarrizketa bideak zabalik mantentzeko deia egin dute nazioarteak eta Nazio Batuen Erakundeak. Besteak beste, Errusiak, Txinak, Erresuma Batuak eta AEBk norbere burua kontrolatzeko eskatu diete bi herrialdeei, erasoak saiheste aldera.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
      kargatzen