Mundua
ukrainako gerra
Trumpek akordioa oztopatzea egotzi dio Zelenskiri, ez duelako onartu Krimea Errusiaren lurralde izatea
Agentziak | EITB Media
"Inork ez dio eskatu Zelenskiri Krimea Errusiako lurralde gisa onar dezala, baina nahi badu, zergatik ez zuten borrokatu duela hamaika urte, Errusiaren esku utzi zutenean?", adierazi du buruzagi errepublikanoak bere sare sozialean.
-
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea, Etxe Zurian. Argazkia: EFE
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari leporatu dio gerrarekin amaitzeko akordioa arriskuan jartzea, ez baitu onartu Krimea Errusiaren lurralde aitortzea.
"Adierazpen horiek kalte egingo diete bake negoziazioei, Krimea duela urte batzuk galdu baitzen", Barack Obamaren agintaldian (2009-2017) zehar, eta "ez da eztabaidatu beharreko gaia ere", adierazi du handi-mandiak, Truth Social plataforman.
"Inork ez dio Zelenskiri eskatu Krimea Errusiaren lurralde gisa onar dezala, baina nahi badu, zergatik ez zuten borrokatu duela hamaika urte, Errusiaren esku utzi zutenean?", gaineratu du buruzagi errepublikanoak.
Modu horretan, Trumpek Ukrainako agintariaren aurka egin du, Zelenskik esan baitu inoiz ez duela onartuko Errusiak Krimeako penintsula 2014an anexionatu zuenik.
"Ez dago zertaz hitz egin; gure lurra da, ukrainarren lurra", adierazi du Zelenskik, AEBko, Europako eta Ukrainako ordezkariak Londresen izaten ari diren elkarrizketetan.
Bilera horietan, Ukrainako ordezkaritzak Keith Kellogg Trumpek gerrarako duen mandatariari jakinarazi dio Kievek ez diola uko egingo bere lurralde osotasunari negoziazioetan.
"Ukrainak bere funtsezko printzipioei tinko eutsiko diela azpimarratu dut, printzipio horiek baitira gure subiranotasunaren eta lurralde osotasunaren oinarria", izan da Andri Yermak Ukrainako presidentearen bulegoko buruzagiak Kelloggekin egindako bileraren balantzea egiteko erabili duen terminologia.
"Adierazpen supiztaileak dira"
Trumpek azpimarratu duenez, "Zelenskiren adierazpenak supiztaileak dira, eta gerra hau onbideratzea oztopatzen dute", eta ziurtatu du bere hitzek gatazka "luzatu" baino ez dutela egingo.
"Ez du harro egoteko motiborik! Ukrainaren egoera etsigarria da: bakea lortu edo beste hiru urtez borroka dezake herrialde osoa galdu baino lehen", gaineratu du.
Hala ere, akordioa "oso gertu" dagoela eta "Ukrainari eta Errusiari erabateko hondamendi honetatik ateratzen laguntzea" espero duela erantsi du jarraian AEBko presidenteak.
Trumpen bake-egitasmoa
Axios AEBko hedabidearen arabera, Trumpen bake-planak AEBk Krimea Errusiaren zati gisa onartzea eta 2022an Errusiak herrialdea inbaditu zuenetik okupatutako ia eremu guztiak Moskuren kontrola aitortzea dakartza, nahiz eta ofizialki ez egin.
The Wall Street Journal egunkariaren hitzetan, AEBk Ukrainari proposatu dio penintsula Errusiaren lurraldetzat onartzea, NATOko kide izateari uko egitea eta Zaporizhia (Europako zentral nuklear handiena) Washingtonek kontrolatuko duela onartzea.
JD Vance AEBko presidenteordeak gaur Indian adierazi duenez, bere Gobernuaren proposamena "oso zehatza" da eta bi aldeek onartzeko unea iritsi da, edo "AEB prozesutik kanpo geratuko da".