12:54

Mundua

Aita santuaren heriotza

20.000 fededun baino gehiago igaro dira aita santuaren hilkutxaren aurretik bere lehen egunean basilikan

Agentziak | EITB Media

Beilatokia San Petriren basilikan paratu dute, eta ostiraleko 19:00ak arte egongo da zabalik. Hileta elizkizuna, berriz, larunbatean izango da, eta munduko dozenaka buruzagik iragarri dute Erromara bertaratuko direla.

0:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

20.000 fededun baino gehiago igaro dira asteazken honetan Frantzisko aita santuaren hilkutxaren aurretik, Vatikanoko San Petri basilikan, datorren larunbatean hileta elizkizuna egin arteko hiru egunetako lehenengoan.

Frantzisko aita santuaren gorpua San Petriren basilikaren Aitortzaren Aldarean paratu dute gaur, asteazkenarekin, fededunek azken agurra eman diezaioten. Hil kapera 11:00etan zabaldu dute, eta ostiraleko 19:00ak arte egongo da irekita.

Goizean goizetik ilara luzeak sortu dira basilikaren inguruan. Vatikanoak emandako datuen arabera, 20.000 pertsona bildu dira gaur San Petri plazan, aita santuaren agurraren lehen eguna bertatik bertara jarraitzeko.

Hilkutxa San Petriren hilobiaren aurrean kokatu dute, Berniriren baldakino ikusgarriaren pare-parean. Eliztarrak gehiegi hurbildu ez daitezen, ingurua hesitu dute.

Gaur, gauerdira arte izango da aita santuaren hilkutxa ikusteko aukera. Ostegun (07:00-00:00) eta ostiralean ere (07:00-19:00) zabalik izango da beilatokia. Milioika pertsona hurbiltzea espero da. Ostiralean, hilkutxa ixteko errituarekin amaituko dute eguna, hileta elizkizunaren atariko.

Hilkutxa Santa Martaren egoitzako kaperatik Vatikanoko basilikara eraman dute goizean. Erromako Eliza Santuko kamarlengoak, Kevin Joseph Farrell kardinalak, zuzendutako otoitzaren ondotik abiatu dute aita santuaren lekualdaketa. Prozesioa Santa Marta plazatik eta Vatikanoko San Petri plazatik igaro da. Kanpaien arkutik San Petri plazara irten eta Vatikanoko basilikan sartu da, erdiko atetik. Ondoren, kardinal kamarlengoak Hitzaren Liturgia gidatu du, eta amaitutakoan hasi dira eliztarren bisitak.

Munduko buruzagi ugari hiletan

Hileta elizkizuna larunbatean izango da, 10:00etan, eta Giovanni Battista Re kardinalak zuzenduko du.

Munduko buruzagi eta estatuburu askok iragarri dute Erroman izango direla. Berbarako, Europar Batasunak ordezkaritza zabala izango du: Ursula von der Leyen, Antonio Costa eta Roberta Metsola Europar Batzordearen, Europako Kontseiluaren eta Europako Ganberaren presidenteek baieztatu dute hiletara joango direla. Emmanuel Macron Frantziako presidentea ere bertan izango da. Maria Jesus Montero eta Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko lehen eta bigarren presidenteordeak, Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroa eta Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularraren presidentea Felipe VI .a eta Letizia errege-erreginekin batera joango dira hiletara —Sanchez ez da ordezkaritzaren buru izango, horrenbestez—. Erresuma Batuko, Belgikako eta Luxenburgoko lehen ministroak, hurrenez hurren, Keir Starmer, Bart De Wever eta Luc Frieden ere Erroman izango dira, baita Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere.

Amerikari dagokionez, Donald Trump AEBko presidenteak ere iragarri du hiletara bertaratuko dela. Berarekin batera izango dira, halaber, Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentea eta Javier Milei Argentinako buruzagi ultraeskuindarra. Txilek eta Mexikok ere ordezkaritza bidaliko dute, baina presidenteak ez dira joango.

Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia ere hileta-elizkizunetara joango da. 

Vladimir Putin Errusiako Federazioko presidentea, aldiz, ez da hiletan egongo.

Jakina da Frantzisko aita santuaren hileta aurrekoak baino soilagoa izango dela. Izan ere, aita santuak berak iaz erabakita, aita santuen hileten erritualak sinpleagoak izango dira aurrerantzean. Besteak beste, ez dira hiru zerraldo, katafalkorik ezta aita santuen makulurik egongo. Erritualaren beste aldaketa handietako bat hobiratzean egongo da, Vatikanoko basilikan izan beharrean, Erromako Andre Maria Nagusian egingo baita.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen