Mundua
Aita santuaren heriotza
Frantzisko aita santuaren azken eguna: bilera Vancerekin eta fededunen artetik paseoa, 'papamobil' eta guzti
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aita Santuak agerraldi nabarmen gutxiago egin ditu aurtengo Aste Santuan, baina, herenegun, Berpizkunde Igandean, San Petri plazan agertu zen 'Urbi et Orbi' bedeinkapen tradizionalerako, eta, ondoren, milaka fededun zain zituen plaza zeharkatu zuen 'papamobilean'.
-
Frantzisko aita santua atzo, 'papamobilarekin' San Pedro plaza zeharkatzen. Argazkia: EFE
Astelehen honetan hil da Frantzisko aita santua, 88 urte zituela, azken hilabeteetan arnasa hartzeko arazoak izan eta gero. Osasun arazoak zirela eta, hainbat ekitalditara huts egin zuen aita santuak azken asteetan, baina, atzo, hil bezperan, fededunei agur esateko parada izan zuen, gainezka zegoen San Petri plazan.
Eliza katolikoaren buruak agerraldi nabarmen gutxiago egin ditu aurtengo Aste Santuan, baina, herenegun, Berpizkunde Igandean, San Petri plazan agertu zen 'Urbi et Orbi' bedeinkapen tradizionala egiteko.
"Anaia-arreba maiteok, Pazko zoriontsua izan dezazuela", aldarrikatu zuen ahots ahulez Vatikanoko basilikako balkoitik, eta berehala eman zion hitza Diego Ravelli monsinore zeremoniagileari eta hark irakurri zuen pazko mezua. Bertan, Gazarako su etena eskatu zuen Frantzisko aita santuak, eta berrarmatzearen kontra ere azaldu zen.
Otsailaren 14ean ospitaleratu zuten Frantzisko, arnas aparatuko infekzio larri batek jota. 38 egun geroago atera zen ospitaletik, martxoaren 23an, eta errekuperazio prozesuan murgilduta zegoen orduz geroztik bere Vatikanoko erresidentzian, Santa Marta Etxean, ia bisitarik jaso gabe.
Dena dela, azken aldian bisita batzuk-batzuk hartu zituen: apirilaren 9an Carlos III eta Camila errege-erreginekin bildu zen eta herenegun bertan, JD Vance AEBko presidenteordearekin, hura Italian bisita ofiziala egiten ari zela.
Hortaz, esan daiteke Frantziskok fededunekin igaro zuela azken eguna. Bere agintaldiak iraun duen 12 urteetan, fededunekiko harreman estua bultzatu nahi izan zuen eta atzo, 'Urbi et Orbi' bedeinkazioa egin ostean, San Petri plazara jaitsi zen berriz ere, 'papamobil' eta guzti.
Estalkirik gabeko ibilgailuan zeharkatu zuen plaza eta ibilbidean jendetza agurtu eta haur batzuk bedeinkatu zituen aita santu argentinarrak. 50.000 fededun inguru zeuden une hartan plazan, aita santuaren azken ekitaldian.

Frantzisko aita santua, atzo, 'papamobil' eta guzti, San Pedro plaza zeharkatzen. Argazkia: EFE
Aurten, Aste Santuko ia ekitaldi guztietan kardinalek ordezkatu dute, baina atzoko agerraldiaren aurretik irteera bat egin zuen. Ostegun Santuan Erromako kartzela batera joan zen eta 70 presorekin bildu zen, jada tradizio zuen gisa. Ezin izan zizkien oinak garbitu, ordea, bere osasun egoera zela eta.
Kartzelatik irtendakoan, aurtengo Aste Santua nola bizi duen galdetu zioten kazetariek Frantziskori, bere osasun arazoei erreferentzia eginez, eta "ahal izan dudan bezala" erantzun zien.