Itxi

Mundua

Aita santuaren heriotza

Aita santuaren hilkutxa bihar eramango dute San Petriren basilikara

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Erroman hasi dira prestaketak Frantzisko aita santua agurtzeko. Vatikanoaren arauen arabera, ostiraletik iganderako tartean egin beharko da hileta, eta data zehatza kardinalen kongregazioak ezarri behar du. Hari dagokio, halaber, aita santu berria aukeratzeko konklabearen data jartzea ere.

0:37

Frantzisko aita santua zenaren hilotza bihar goizean (09:00etan) eramango dute Santa Martaren egoitzatik San Petri basilikara, fededun guztiek omenaldia egin diezaioten, Vatinakoko Prentsa bulegoak jakinarazi duenez. Aita santua Pazko Astelehenean zendu zen, buruko iktus batek jota. Horrek, gainera, koma egoera eta bihotzeko eta zirkulazioko akats sendaezinak eragin zizkion.

Aita santuaren heriotzaren ostean, Erromako Elizaren kamerlengoak, Kevin Joseph Farrell kardinalak, hartu du Vatikanoaren ardura (atzo, 20:00etan, hartu zuen eginkizun hori), eta hark egin zien dei mundu osoko kardinal guztiei Erromara joateko.

Hain justu, kardinalen kongregazioak erabaki eta komunikatu behar du noiz eramango duten aita santuaren hilotza basilikara, bertan azken agurra eman diezaioten. 09:00etatik daude bilduta kardinalak.

Vatikanoaren arauen arabera, ostiraletik iganderako tartean egin beharko da hileta, eta aipatu kongregazioari dagokio data ezartzea. Elizkizunak noiz izango diren zehazteke badago ere, jakina da Frantzisko aita santuaren hileta aurrekoak baino soilagoa izango dela.

Izan ere, Bergogliok berak iaz erabakita, aita santuen hileten erritualak sinpleagoak izango dira aurrerantzean. Besteak beste, ez dira hiru zerraldo, katafalkorik edo aita santu makulurik egongo.

Bergoglioren nahia omen zen erritu berrietan are gehiago azpimarratzea aita santua "artzain bat gehiago zela, Kristoren ondorengoa, eta ez mundu honetako boteretsu bat".

Irizpideok jarraituta, Frantziskoren gorpua hilkutxa bakar batean jarri dute, egurrezkoa kanpotik eta zinkezkoa barrutik.

Erritualaren aldaketa handietako bat hobiratzean egongo da, Vatikanoko basilikan izan beharrean, Erromako Andre Maria Nagusian egingo baita.

Hileta jendetsua espero da, eta munduko buruzagi nagusiak bertan izango dira.

Era berean, heriotzaren ondotik bederatziurrenak delakoak abiatu ditu Vatikanoak. Bederatzi egunez, kardinalek hainbat otoitz eta elizkizun egiten dituzte aita santuaren omenez.

Kardinalak Erroman daude jada

Hiletaren data erabakitzeaz gain, kardinalen kongregazioak konklabea noiz egingo den zehaztu behar du. Elizgizonek hurrengo aita santuak izan behar duen profila eztabaidatzen hasiak behar dute, eta kinieletan badira hainbat izen faborito gisa.

Vatikanoko araudiaren arabera, aita santua hil eta 15-20 egunera egingo da konklabea. Horrenbestez, aukeratutako datak maiatzaren 6-11ren artekoa izan beharko du.

80 urte baino gutxiagoko kardinalak Kapera Sixtinoan bilduko dira, eta aita santu berria aukeratu arte isolatuta egongo dira. Hala, debekatuta daude kanpoaldearekin komunikazio oro.

Aukeratua izateko, hautagaiak botoen bi herenen babesa beharko du. Bozketa sekretua da, boto-paperen bidezkoa, eta lau aldiz egiten da egunean (bina goizean eta arratsaldean), eta behar beste egunez egiten da aita santua aukeratu arte.