Itxi

Mundua

Aita santuaren heriotza

Frantzisko aita santuak ahulenen alde egindako lan "irmoa" azpimarratu du lehendakariak

agentziak | eitb media

Pradalesek esan du "2013tik munduko geopolitikan funtsezkoa" izan zela, eta "bere ondarea erlijiotik harago" doala. Ildo beretik, Aita Santua "giza balioak" zituen gizona zela nabarmendu du Chivitek.

  • Imanol Pradales lehendakaria. Argazkia: EITB

    Imanol Pradales lehendakaria. Argazkia: EITB

Frantsizko aita santuak ahulenen, migratzaileen, ingurumenaren eta justizia sozialaren alde egindako lan "irmoa" azpimarratu du Imanol Pradales lehendakariak.

"Bitartekari nekaezina, AEBren eta Kubaren arteko harremanak berrezartzen lagundu zuen, elkarrizketa bultzatu zuen Venezuelakoa edo Ukrainakoa bezalako gatazketan, eta kulturen eta erlijioen elkar ulertzea sustatu zuen", gogorarazi du lehendakariak Linkedin sare sozialean, aita santuaren heriotza gertatu ostean.

Lehendakariak aita santua "2013tik munduko geopolitikan funtsezkoa" izan zela goraipatu du, eta "bere ondarea erlijiotik harago" doala: "Arrasto sakona utzi du nazioarteko diplomazian eta kontzientzia globalean".

Aita Santua "giza balioak" zituen gizona zela nabarmendu du Chivitek

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere atsekabea adierazi du Frantzisko aita santuaren heriotzagatik eta giza balio sakonak zituen gizona zela gaineratu du. X sare sozialean argitaratu duen mezuan, bakearen, justizia sozialaren eta elkarrizketaren alde lan egin zuela goraipatu du.

Aita Santuak bakearen eta justizia sozialaren alde erakutsitako "konpromisoa" nabarmendu du Sanchezek

"Fede katolikoa dutenekin, Jesusen Lagundiarekin, eta mundu justuago batean sinesten duten guztiekin nago dolu une honetan", gehitu du.