Itxi

Mundua

Aita santuaren heriotza

Aita santuak hileta sinpleagoa izango du, Frantziskok berak hala erabakita

agentziak | eitb media

2024ko apirilean onartu zuen aita santuen hileta erritualak sinpletzea, eta jada ez dira hiru zerraldo, katafalkorik edo aita santu makulurik egongo.

  • Pazkoko meza, Vatikanoan. Argazkia: EFE

    Pazkoko meza, Vatikanoan. Argazkia: EFE

Frantzisko I.ak iazko apirilean onartu zuen aita santuen hileten erritualak sinpletzea, eta besteak beste, ez dira hiru zerraldo, katafalkorik edo aita santu makulurik egongo.

Horixe ageri da Ordo Exsequiarum Romani Pontificisen bigarren edizioan. Frantziskok apirilaren 29an onartu zuen argitalpena, eta azaroaren 4an jaso zuen bere eskuetan.

Diego Ravelli aita santuen ekitaldi liturgikoen arduradunak azaroan azpimarratu zuenez, bigarren edizio bat egin behar izan zuten: "Frantzisko aita santuak erritu batzuk sinpletzea eta egokitzea eskatu zuen".

Frantzisko aita santua hil da, 88 urte zituela

Bergoglioren nahia omen zen erritu berrietan are gehiago azpimarratzea aita santua "artzain bat gehiago zela, Kristoren ondorengoa, eta ez mundu honetako boteretsu bat".

Erritualaren aldaketa handietako bat hobiratzean egongo da, Vatikanoko basilikan izan beharrean, Erromako Andre Maria Nagusian egingo baita.

Hiletaren aurretik egin ohi diren hiru geltokiei eutsiko zaie. Dena dela, lehenengo geltokia, heriotza egiaztatzea, bere kapera pribatuan egingo da, hil den gelan izan beharrean, eta ondoren zinkezko zerraldo batean sartuko dute, basilikara eraman aurretik.

Lehen, aita santuaren gorpua Jauregi Apostolikoaren kaperara eramaten zen, bertan bizi baitzen aita santua. Baina Frantsizko Santa Marta Etxean bizi zen.

Aita Santuak bakearen eta justizia sozialaren alde erakutsitako "konpromisoa" nabarmendu du Sanchezek

Vatikanoko basilikan aita santua irekita egongo den zerraldo batean jarriko dute, ez katafalko batean, eta ez dute aita santuaren makulua jarriko. Bertan gurtu ahal izango dute fededunek aita santua.

Azkenik, deuseztatu egingo da aita santua hiru zerraldotan hobiratzeko ohitura: bat altzifrezkoa, bigarrena berunezkoa eta hirugarrena haritzezkoa.

Gainera, gotzainen hileten ereduari jarraituz, titulu apalagoak erabiliko dira aita santua izendatzeko, eta ez da "Erromako Aita Santu" erabiliko.

Nahiz eta kamarlengoaren figura mantentzen den, Frantziskok 'Ganbera Apostolikoa' deiturikoa kendu du, Egoitza Hutsaren kudeaketan kardinal kamarlengoari laguntzen zion elizgizonen kolegioa.

Baieztapen ofizialaren faltan, La Repubblica egunkariak aurreratu du buruko isuria izan daitekeela Aita Santuaren heriotzaren arrazoia. "Lasai" joan dela ere erantsi du hedabide horrek.
Bestalde, Francisco Cesar Garcia Magan Espainiako Gotzainen Batzarreko  idazkari nagusiak baieztatu du arratsaldeko 20:00etan gorpua Santa Martako kaperan erakutsiko dutela, San Pedro basilikara eraman aurretik. Orduan ezagutuko omen  da "txosten medikoa".

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN