Itxi

Mundua

Ukrainako gerra

Errusiak erasoekin jarraitzen duela salatu du Zelenskik

Agentziak | EITB Media

Errusiako Defentsa Ministerioak, bestalde, Ukrainari egotzi dio Donetsk eskualdeko bere lurrei eraso egin izana, 30 orduko su-etena urratuz, eta Ukrainak erantzun dio erasoak "faltsutzen" ari dela.

  • Volodimir Zelenski

    Volodimir Zelenski

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak 59 bonbardaketa errusiar berriren eta bost eraso operazioren berri eman ditu lehen orduan. Vladimir Putin Errusiako presidenteak Pazkoa dela eta su-eten "humanitario" labur bat iragarri arren gertatu dira erasoak.

"Mugaren norabide ezberdinetan, dagoeneko 59 bonbardaketa eta bost eraso izan dira (...). Alde guztietan, gure gerlariek erantzun egiten dute, borroka egoera zehatzaren arabera", azaldu du agintariak X sare sozialean. Egoeraren azken txostena jaso ondoren egin ditu adierazpenak Zelenski. "Ukrainak simetrikoki jokatzen jarraituko du", gaineratu du.

Erasoak Starobilsk, Donetsk, Pokrovske, Novopavlivske eta Zaporiyian gertatu dira.

"Oro har, Pazko goizetik, esan dezakegu Errusiako Armada su-etena dagoenaren itxura sortzen saiatzen ari dela, nahiz eta zonalde batzuetan aurrera egiteko eta Ukrainan bajak eragiteko saiakerak egiten jarraitzen duen", gaineratu du. Errusiari "su-etenaren baldintzak erabat betetzeko" ere eskatu dio.

Argitaratutako mezuan, Zelenskik berretsi du Ukrainak su etena 30 egunez ezartzeko eta zabaltzeko proposamena.

Errusiak Ukrainari aurpegiratu dio menia urratu izana

Errusiako Defentsa Ministerioak, bestalde, Ukrainari leporatu dio Donetsk eskualdeko bere lurrei eraso egin izana, 30 orduko su-etena urratuz.

Telegram bidez zabaldu duen oharrean, ziurtatu du 48 drone jaurti dituela gauean Kievek, eta horietako batek Krimea zuela jomugan.

Moskuk okupatutako hirien aurkako eraso saiakerak errusiar indarrek uxatu dituztela ere azaldu dute oharrean.

Ukrainak Errusiari erantzun, eta erasoak faltsutu izana egotzi dio

Ukrainako Desinformazioaren kontrako Borroka Zentroak ukatu egin du Errusiak esandakoa, eta ziurtatu du Moskuk erasoak faltsutu dituela.

"Errusiarrak erasoak asmatzen ari dira, Ukrainari menia urratu izana leporatzeko", esan dute Facebook bidez.