Mundua
Ukrainako gerra
EITB Media
Vladimir Putin Errusiako presidenteak aldebakarreko su-etena iragarri du larunbat honetan Ukrainarentzat, Pazkoa dela eta. Su-etena arratsaldeko 18:00etan sartu da indarrean (Moskuko ordua, 17:00ak Euskal Herrian) eta apirilaren 21eko gauerdira arte luzatuko da (igandeko 23:00ak hemen).
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea artxiboko irudi batean. Argazkia: EuropaPress
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Vladimir Putin Errusiako presidenteak igandetik astelehenera bitarteko gauerdira arte, Pazko Ortodoxoa dela eta, proposatutako su-etena onartu du, baina Ukrainako buruzagiak apirilaren 20tik haratago luzatzea planteatu du. Zehazki, egun horretatik aurrera beste 30 egunez luzatzea jarri du mahai gainean.
"Su-etena osorik mantentzen bada, Ukrainak Pazko egunetik haratago luzatzea proposatzen du", idatzi du Zelenskik X sare sozialean duen kontuan. "Errusia orain bat-batean prest badago benetako konpromisoa hartzeko, Ukrainak ere horren arabera jokatuko du", adierazi du.
Zelenski prest agertu da guda zelaian "isiltasunari isiltasunez erantzuteko" eta "erasoei defentsarekin erantzuteko", larunbat honetan Putinek Pazko Ortodoxoa dela eta su-etena iragarri ostean. Su-etena arratsaldeko 18:00etan sartu da indarrean (Moskuko ordua, 17:00ak Euskal Herrian) eta apirilaren 21eko gauerdira arte luzatuko da (igandeko 23:00ak hemen).
Dena dela, tonu eszeptikoa era izan du Zelenskik. Izan ere, bere ustez, "ez da Moskutik datozen hitzekin fidatu behar". "Badakigu nola manipulatzen duen Moskuk eta prest gaude edozertarako. Ukrainako Defentsa Indarrek arrazionalki jardungo dute. Errusiarren eraso bakoitzak erantzuna izango du", adierazi du Zelenskik.
Ukrainako estatuburuak agintari militarrekin harremanetan dagoela ere esan du bere mezuan, eta frontean oraingoz gerrak jarraitzen duela ere adierazi du: "Oraingoz, komandante buruaren txostenen arabera, Errusiako eraso operazioek jarraitu egiten dute, eta Errusiako artilleriaren sua ez da eten".
Putinek iragarritako 30 orduko su-etena
Arratsaldean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak aldebakarreko su-etena iragarri du Ukrainarentzat, Pazkoa dela eta.
Kremlinek jakinarazi duenez, Errusiaren "jarduera militar guztien amaiera" gaur arratsaldeko 18:00etan hasi da (Moskuko ordua, 17:00ak Euskal Herrian) eta apirilaren 21eko gauerdira arte luzatuko da (igandeko 23:00ak hemen).
Errusiako Gobernuak Telegramen duen kontuan argitaratutako komunikatuan jakinarazi duenez, Pazkoko su-etenaren aurrean Kievek ematen duen erantzunak erakutsiko du zenbateraino den zintzoa bake negoziazioetan parte hartzeko haren nahia.
"Ukrainako aldeak gure ereduari jarraitzea espero dugu. Aldi berean, gure tropek prest egon behar dute su-etenaren balizko urraketei eta etsaiaren probokazioei aurre egiteko, baita haien ekintza oldarkorrei aurre egiteko ere", gaineratu du Putinek.
Horren harira, ziurtatu du Kievek ehun aldiz baino gehiagotan urratu zuela Moskuk martxoaren 18an aldebakarrez ezarritako 30 eguneko su-eten energetikoa -Ukrainak astebete geroago egin zuen bat, AEBren bitartekaritzarekin-.
Era berean, azpimarratu du Errusia "beti" egon dela prest bake negoziazioetan parte hartzeko, eta Donald Trump AEBko presidentearen saiakerak ontzat jo ditu, baina baita Xi Jinping Txinako buruzagiarena eta BRICS taldeko herrialdeena ere, "Ukrainako krisiaren konponbide baketsu eta justu baten aldekoak direlako".
AEBren ultimatumaren ostean dator Putinen iragarpena, izan ere, ostiralean AEBk ohartarazi zuen ez bazuen "egun gutxiren buruan" errusiarrekin eta ukrainarrekin egindako negoziazioetan aurrerapausorik ikusten, altxatu egingo zela Ukrainako bake-prozesuaren mahaitik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa