Itxi

Mundua

Genozidioa Gazan

Israelek zibilak babesten ziren eskola bati eraso dio Jabalian, eta sei pertsona hil ditu

Olatz Prat | EITB Media

Beste eraso batzuetan, goizaldean, 40 pertsona inguru bizirik erre ditu Israelgo Armadak, tartean 17 haur eta lau emakume, lotan zeuden kanpin-dendak bonbardatuta. Israelek dio Hamaseko arma-kontrabandoko arduraduna eta Jihad Islamikoko beste kide "garrantzitsu" bat hil dituela.

  • Yabalia, suntsituta. EFE.

    Yabalia, suntsituta. EFE.

Israelek su-etena amaitu zuenetik hilabete betetzeko egun baten faltan, etenik gabe jarraitzen du horrek Gaza gaineko erasoekin.

Ostegun honetan bertan, helburu terroristak erasotzen ari zela argudiatuta (ohi bezala, horren frogarik eman gabe), eskola bati eraso egin dio enegarrenez, eta sei pertsona hil eta beste hainbat zauritu ditu, zibilek babesleku gisa erabiltzen duten Ayoubya eskola bonbardatuta, Jabalian, Gaza iparraldean.

Ostegun goizaldean, gainera, Israelek desplazatuen hainbat kanpin-denda bonbardatu ditu berriro Gaza iparraldean eta hegoaldean (Khan Yunis kanpalekua), eta gutxienez 39 pertsona hil dira lotan zeudela erreta, tartean 17 haur eta lau emakume. Gainera, gutxienez 73 pertsona zauritu dira eraso horietan.

Su-etena amaitu zenetik, Israelek 1.691 gazatar hil eta 4.400 zauritu baino gehiago utzi ditu. 2023ko urriaren 7tik, Israelek 51.065 pertsona hil eta 116.505 zauritu ditu, Gazako Osasun Ministerioaren datu ofizialen arabera.

Bien bitartean, Gazako osasun-sistemak, gero eta baliabide eta osasun-langile gutxiago ditu egunertik egunera ugarituz doazen zaurituak artatzeko. 

Egoera are okerragoa da iparraldean, joan den apirilaren 13an Israelek Al Ahliko ospitalea suntsitu zuenetik, inguru horretan martxan zegoen bakarra.

Hain zuzen ere, ostegun honetan, Tlaleng Mofokeng osasunerako NBEko arduradunak gaitzetsi egin du Al Ahliko ospitaleari egindako eraso hori, eta gogorarazi du gatazketan ere errespetatu egin behar direla osasun azpiegiturak.

"Ospitaleen, osasun-langileen eta zibilen aurkako gerrak aurrera jarraitzen duela ikusteak izutu egiten nau, dagoeneko azkenetan dagoen sare batean osasun-zerbitzuak are gehiago oztopatzen baititu", adierazi du, ohar batean.

Mofokengek gogorarazi duenez, Munduko Osasun Erakundearen datuen arabera, Israelgo Armadak 670 eraso egin dituzte Gazako osasun azpiegituraren aurka.

Hildako preso palestinarra
Palestinako Presoen Batzordeak ostegun honetan jakitera eman duenez, 20 urteko preso palestinar bat hil da Palestinar Presoen Egunean. Israelek duela urtebete atxilotu zuen eta hiru egun barru aske uztea aurreikusita zegoen.

Musab Hassan Adili izeneko biktima atzo gauean hil zen Nabluseko (Zisjordania okupatua) Soroka Ospitalean. Zaurituta eraman zuten, baina Israelek ez du haren osasun egoerari buruzko azalpen gehiagorik eman.

Israelek Hamaseko arduradun bat hil du

Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) adierazi dutenez, Yahya Fathi Abalqadir Abu Shaar Hamaseko kidea hil dute ostegun honetan Jan Yunisen, Gazako Zerrendaren erdialdean.

Israelgo Armadaren arabera, "terrorista" horrek, azken urteetan lan egin du Hamasek, besteak beste, 2023ko urriaren 7an erabili zituen armak eta kontrabandoko ekipo militarrak sartzeko.

Abalqadirrekin batera, Israelgo Armadak Mazen Ibrahim Mahfuz Fara hil du Jan Yunisen, Jihad Islamikoko kide "garrantzitsu" bat, "azken bi urteetan, eta bereziki azken hilabeteetan, Israelen kontrako eraso terrorista garrantzitsuak" zuzendu zituena.

Gosea arma gisa

Israelek gosea gerra-arma gisa erabili duela salatu du Hamasek ostegun honetan, Israel Katz Defentsa ministroak asteazkenean Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa emateari uzteak talde palestinarraren maniobra-marjina murriztuko lukeela esan ostean.

Israel "gerra krimenak" egiten ari da Gazan, Hamasek ohar batean salatu duenez, "zibil errugabeei" oinarrizko beharrak ukatzen ari zaie, hala nola elikagaiak, botikak, ura eta erregaia, 'Filastin' egunkariak jasotzen duenez.

 

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN