18:15

Mundua

Ameriketako Estatu Batuak

Trump Administrazioak AEBko unibertsitateak ditu jomugan

Agentziak | EITB Media

Unibertsitateei eskatu die aniztasun, berdintasun eta inklusio programak ezaba ditzatela, eta sarbidea muga diezaietela "irakaskuntzan baino aktibismoan inplikatuta daudenei". Gainera, dagoeneko Harvard eta Columbiara bideratutako funts federalak izoztu ditu, eskakizunei uko egiteagatik.

  • Gazako sarraskiaren aurkako protesta AEBko unibertsitate batean. Argazkia: EFE

    Gazako sarraskiaren aurkako protesta AEBko unibertsitate batean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donald Trumpen Gobernuak unibertsitateak ditu jomugan, iaz Gazako sarraskiaren aurkako protestak onartu zituztelako. Administrazio ultrakontserbadoreak mobilizazioak sistematikoki antisemitatzat jotzen ditu, nahiz eta ezkerreko talde juduak sarritan bertaratzen diren. Era berean, hainbat hamarkadatan unibertsitateek aplikatu dituzten 'diskriminazio positiboko' politikak begiz jota ditu Gobernuak.

Estatu Batuetako Administrazio berriaren eskaera horien artean daude, besteak beste, aniztasun, berdintasun eta inklusio programak ezabatzea, kontratazio eta onarpen politiketan aldaketak egitea eta "irakaskuntzan baino aktibismoan inplikatuago daudenei sarbidea mugatzea", 2024tik dozenaka unibertsitatetan Zerrendako sarraskiaren aurka egin izan dituzten protesta jendetsuei erreferentzia zuzena eginez.

Etxe Zuriaren arabera, zentro horiek ez dira nahikoa egiten ari campusetako ustezko antisemitismo oldea geldiarazteko. Trumpek dagoeneko 400 milioi dolar kendu dizkio Columbiako Unibertsitateari, eta Estatu Departamentuak ohartarazi zuen bisa kenduko ziela mobilizazioetan parte hartzen zuten ikasle atzerritarrei.

Massachusettseko Institutu Teknologikoa (MIT), AEBko unibertsitate politekniko ospetsuenetako bat, kexu agertu da erakundearen "funtzionamendu normala oztopatzen duten Gobernuaren hainbat ekintza direla eta". Sally Kornbluth presidenteak azken orduetan zabaldutako ohar batean salatu duenez, "oztopo" horiek otsailetik hona izan dira, eta finantziazio federalari eta ikasleen bisei kalte egin diete.

Joan den astean, Harvardeko Unibertsitate ospetsuak gutuna jaso zuen Gobernu federalarekin "harreman ekonomikoa mantentzeko" aldaketa batzuk eskatuz.

Alan M. Garber Harvardeko Unibertsitateko presidenteak esan zuenez, "boterean dagoen alderdia edozein dela ere, ezein gobernuk ez luke agindu behar unibertsitate pribatuek zer irakats dezaketen, nor onar dezaketen eta nor kontratatu, eta zein ikasketa eta ikerketa egin ditzaketen". Era berean, erakundeak adierazi zuen antisemitismoari aurre egiteko hainbat ekimenetan lanean ari dela.

Garberrek baieztatu duenez, antisemitismoaren amaiera "ez da etorriko boterearen indar erakustaldien bidez, legetik at, Harvardeko hezkuntza eta ikaskuntza kontrolatzeko eta nola funtzionatzen behar duten esateko". "Gure gabeziei aurre egiteko, konpromisoak betetzeko eta gure balioak gorpuzteko lana guri dagokigu komunitate gisa definitzea eta ekitea", gaineratu zuen.

Garberren erantzunaren ostean, Trump Administrazioak iragarri du dirulanguntzetara bideratutako 2.200 milioi dolar izoztuko dituela, eta kontratuetara bideratutako 60 milioi dolar ere.

Gazako sarraskiaren aurkako protestak AEBko unibertsitate batean. Argazkia: EFE

Gazako sarraskiaren aurkako protestak, AEBko unibertsitate batean. Argazkia: EFE

Trump AEBko Presidentetzara itzuli ostean sortutako 'Antisemitismoari Aurre Egiteko Lantaldeak' ohar baten bidez jakinarazi duenez, Harvarden adierazpenak "gure herrialdeko unibertsitate eta ikastetxe ospetsuenetan dagoen pribilegio pentsamolde kezkagarria indartzen du: inbertsio federalak ez dakar eskubide zibilen legeak defendatzeko erantzukizuna".

Era berean, "azken urtean campusetan izan den geldialdia onartezina da", baita "ikasle juduen aurkako jazarpena" ere. "Bada garaia eliteko unibertsitateek arazoa serio har dezaten eta zergadunen babesa jasotzen jarraitu nahi badute aldaketa nabarmenak ezartzeko konpromisoa har dezaten", adierazi du lantaldeak.

Trumpek Harvard Unibertsitatea zergak ordaintzetik salbuetsita egoteari uztea eta "erakunde politiko" gisa bere ekarpena egiten hastea proposatu du, bere eskakizunak onartzen ez baditu. "Harvardek, agian, zerga-salbuespen estatusa galdu beharko luke eta erakunde politiko gisa ordaindu, politika, ideologia eta terrorismoan oinarritutako 'gaixotasuna' bultzatzen jarraitzen badu", bota du Truth Socialen. "Gogoratu, zerga-salbuespen estatusa interes publikoaren alde jardutearen mende dago erabat!", gogorarazi du.

Barack Obama AEBko presidente ohia (2009-2017), aldiz, Harvard Unibertsitatearen alde agertu da. Obamaren ustez, Harvardek "eredugarria izan da goi-mailako beste hezkuntza erakunde batzuentzat: askatasun akademikoa itzaltzeko ahalegin baldar eta ilegalak baztertzea", eta horren ordez, nahiago izan du ikasleentzako "jakin-min intelektuala, eztabaida zorrotza eta elkarrekiko errespetua" bermatzea. "Espero dezagun beste erakunde batzuek ereduari jarraitzea eta jarrera berdina izatea", azpimarratu du Obamak.


 

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen