Mundua
HAUTESKUNDEAK
agentziak | eitb media
Hautagai kontserbadoreak ezkertiarrak baino milioi bat boto gehiago eskuratu ditu, lehenengo itzulian 16.000 botoko aldea lortu arren.
Daniel Noboa Ekuadorko presidenteak garaipen zabala lortu du hauteskundeen bigarren itzulian, eta presidente izaten jarraituko du lau urtez, Luisa Gonzalez hautagai correistari gailenduta. Ezkertiarrak ez du kontserbadorearen garaipena onartzen, eta "historiako iruzur beldurgarriena" izan dela salatu du.
Hauteskunde-agirien % 94,06 zenbatuta, Accion Democratica Nacionalen hautagaiak botoen % 55,83 eskuratu ditu, eta Rafael Correa presidente ohia buru duen Revolucion Ciudadana (RC) alderdiaren hautagaiak, botoen % 44,17.
Bi hautagaien arteko 10 puntutik gorako aldea milioi bat boto inguru dira, eta Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren ustez "atzeraezina" da emaitza, eta Noboa izendatu du irabazle.
Hori horrela, Alvaro Noboa bananaren sektoreko dirudun eta bost aldiz presidentegai izandakoaren semeak inkestek eta hauteslekuetako galdeketek iragartzen ez zuten garaipen zabala eskuratu du, lehenengo itzulian Gonzalezek baino 16.000 boto eskas gehiago lortu zuen eta.
Hori horrela, agintariak lau urte izango ditu (2025-2029) herrialderako duen proiektua garatzeko, tartean Batzar Konstituziogilea eratzeko.
Hauteskunde kanpainan, Noboa esan eta esan ibili da Konstituzio berria idatzi nahi duela, Correaren garaian, 2008an, idatzitakoa atzean uzteko, eta krimen antolatuaren aurkako borrokan eta ekonomiaren liberalizazioan sakontzeko asmoz.
"Ekuador aldatzen ari da. Ekuadorrek bide desberdina aukeratu du. Bide horri esker, gure seme-alabak hobeto biziko dira", azpimarratu du Noboak garaipenaren diskurtsoan, Olon komunako hondartzan duen etxean.
Ondoren, Noboak aurkariaren jarrera kritikatu du, ez baitu porrota onartu: "Penagarria iruditzen zait 11-12 puntuko aldearekin ekuadortarren borondatea zalantzan jarri nahi izatea. Ekuadortarrek hitz egin dute, orain lan egin behar da, bihartik aurrera".
Luisa Gonzalez. Argazkia: EFE
Correismoaren hirugarren porrota
Hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian correismoak jasotzen duen hirugarren porrota da, elkarren segidan. Andres Arauzek Guillermo Lassoren aurka galdu zuen 2021ean, Gonzalezek Noboaren aurka 2023an, eta 2025ean errepikatu egin da emaitza, nahiz eta hautagai ezkertiarrak zilegitasuna kendu dion.
"Nire herriaren, hedabideen eta munduaren aurrean salatzen dut Ekuador diktadurapean bizi dela eta Errepublikaren historiako hauteskunde-iruzur beldurgarriena izan dela", salatu zuen Gonzalezek atzo, emaitzak jakin ostean.
Gonzalezek argudiatu zuen ez inkestek ez hauteslekuetako galdeketek ez zutela Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren emaitza iragartzen, eta zalantzan jarri du lehenengo itzulian izandako boto kopuru bertsua jaso izana.
Rafael Correa presidente ohiak ere bat egin du "iruzur" salaketarekin, eta X sare sozialean idatzi zuen "guztiek" dakitela "emaitzak ezinezkoak" direla.
Pueblo ecuatoriano:
— Rafael Correa (@MashiRafael) April 14, 2025
Ustedes saben que, a diferencia de nuestros adversarios, siempre hemos aceptado la victoria del oponente cuando ha sido limpia.
Esta vez NO lo es.
Estadísticamente es IMPOSIBLE el resultado. Luisa sacaría prácticamente los mismos votos que en la primera… pic.twitter.com/OzRG2mUoXV
Hauteskundeetako parte-hartzea % 83,76koa izan zen, eta normaltasunez jo zuen egunak, segurtasun neurri gogorrak gorabehera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa