Mundua
UKRAINAKO GERRA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hiriaren erdialdean izan da erasoa eta biktima guztiak zibilak dira. Duela hiru urte inbasioa hasi zenetik, Errusiak zibilen aurka egindako bonbardaketa gogorrenetakoa izan da. Zelenskik "irmoki erantzun" dezala eskatu dio nazioarteari. EBk eta NATOk gogor gaitzetsi dute gertatutakoa.
Polizia ukrainar bat mantaz estalitako gorpuz inguratuta. Argazkia: EFE
Misil balistikoz egindako eraso batek gutxienez 34 hildako (horietatik bi, haurrak) eta 117 zauritu (horietatik 15, haurrak) utzi ditu gaur Ukrainiako Sumi hirian. Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik zibilen kontra egin duen bonbardaketa bortitzenetakoa izan da gaurkoa.
Ukrainar asko mezetara bidean ziren eztanda izan denean. Izan ere, gaur, Erramu Igandea, jai handia da eliza ortodoxoan ere.
Igor Klomenko Ukrainako Barne ministroak adierazi duenez, baliteke biktima kopurua handiago izatea oraindik.
Volodimir Artiuj eskualdeko gobernadoreak azaldu duenez, biktima gehienak jaurtigai horietako batek jotako autobus batean zihoazen, "luku-bonba" batek harrapatu ditu, Andriy Yermak Presidentetzako Bulegoko buruak baieztatu duenez.
Erasoaren ostean, Volodimir Zelenski presidenteak "irmoki erantzun" dezala eskatu dio munduari, gerra amaitu dadin, "lotsagabeek bakarrik egiten diete horrela eraso zibilei", salatu du.
"Errusiarren erasoek gaitzespena besterik ez dute merezi. Errusiari presioa egin behar zaio gerra amaitzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Indarrez ez bada presio egiten, Ukraina babestu ezean, Errusiak gerra hau luzatzen jarraituko du", azpimarratu du Telegramen.
Hilotzak, poltsetan sartuta Sumin. Argazkia: EFE
Errusia Sumi eskualdearen aurkako erasoak areagotzen ari da
Sumi eskualdeak Errusiako Kursk probintziarekin muga egiten du, 2024ko abuztuan Ukrainako Armada sartu zen lurraldearekin, alegia.
Errusiak udaberriko erasoaldia hasi du berriki Sumi eta ondoko Kharkiv eskualdeen aurka, kontrola berreskuratzeko.
Donald Trump AEBko presidenteak Ukrainaren eta Errusiaren artekoa "ondo doala" uste duela esan eta biharamunean gertatu da erasoa.
Europar Batasunak eta NATOk gaitzetsi egin dute gertatutakoa
Europar Batasunak (EB) gaitzetsi egin du igande honetan Errusiak Sumi hiriaren aurka egindako bonbardaketa "zital" eta "kriminal" horren "ankerkeria", eta gerrak "Errusiak hala nahi duelako bakarrik" jarraitzen duela gaineratu du.
Espainiako Gobernuak, Frantziakoak eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak ere gaitzetsi dute erasoa. Azken horrek hauxe idazi du X sare sozialean: "izututa naukate Errusiak Sumiko zibilen aurka egindako eraso izugarriek, eta doluminak eman nahi dizkiet biktimei eta haien ingurukoei une tragiko honetan".
NATOk ere dolumina adierazi die ukrainarei: "Izugarria da Sumi erdialdean gertatutakoa, errusiar misil balistikoek dozenaka pertsona hil eta larriki zauritu dituzte. Gogoan dugu ukrainar herria, askorentzat sakratua den egun honetan", adierazi du NATOren bozeramaileak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa