11:08

Mundua

GAZA, ERASOPEAN

Israelek Gaza hirian irekita zegoen azken ospitalea bonbardatu du, eta gaixoak eta langileak ebakuatu dituzte

agentziak | eitb media

Harrera eraikinaren kontra egin du eraso, bi misil botata, eta guztiz suntsitu du. Gainera, sutea piztu da, eta larrialdien eremua, laborategia eta farmazia kaltetu ditu. Israelek esan du Hamasek base bat zuela ospitalean, baina ez du frogarik aurkeztu.

0:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelgo Aireko Armadak Gaza hiriko Al-Ahli Ospitaleko (Bautista Ospitalea) sarrerako eraikina bonbardatu du gaur goizaldean, eta kalte materialaz gain, gaixoak eta langileak ebakuatu behar izan dituzte, bertako Osasun Ministerioak eta Defentsa Zibilak jakinarazi dutenez.

"Israelgo okupatzaileek Bautista Ospitaleko eraikinetako bat bonbardatu dute Gaza hiriaren erdigunean, eta gure langileak hara bidean doaz", ohartarazi du 02:30 aldera bertako Defentsa Zibilak.

Haur bat hil egin da gaixoak ebakuatu dituztenean. "Familiak atera du oxigenoa jarri behar zitzaiola jakin gabe, eta haurra hil egin da", azaldu du osasun langile batek.

Gazako Osasun Ministerioak erasoa gaitzetsi du, harrera eraikina "guztiz" suntsitu duelako, eta ospitalean zeuden gaixoak eta langileak ebakuatzera behartu duelako. Hala, nazioarteari esku hartzeko eta Gazako Zerrendaren aurkako giza eskubideen urraketak etenarazi ditzala eskatu dio.

Bi misil jaurti dituzte eraikinaren aurka, eta suntsipenaz gain, sute bat ere izan da, eta ondoko larrialdien eremua, laborategia eta farmazia kaltetu ditu, Gazako Wafa albiste-agentziaren arabera.

Al Jazeera telebista kateak zabaldutako bideo batean ikusten denez, bonbardatutako eraikina behera etorri da, eta hondakinen artean pertsonak bilatzen ari dira. Gainera, hedabideak zehaztu du osasun zentro osoa ezin erabili dago.

Bonbardaketaren ostean, Israelek azken 18 hilabeteetako oldarraldian eraso dituen 35 ospitaleen zerrenda zabaldu du Gazako Informazio Bulegoak.

Israelek dio Hamasek ospitalean base bat zuela

Israelek esan du Hamasek base bat zuela ospitalean, baina ez du frogarik aurkeztu.

"Israelgo Defentsa Indarrek eta Israelgo Segurtasun Indarrek Hamasek Al-Ahli Ospitalean erabiltzen zuen aginte eta kontrol zentro baten kontra eraso egin dute, Gaza iparraldean. Hamaseko terroristek Israelgo zibilen eta tropen aurkako eraso terroristak prestatzeko eta gauzatzeko erabiltzen zuten zentroa", adierazi du Israelgo Armadak komunikatu batean.

Armadak ziurtatu du neurriak hartu dituela zibilak eta osasun zentroa ahalik eta gutxien kaltetzeko, eta horretarako alerta mezuak eta "munizio zehatza" erabili omen dituzte.

 

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen