Mundua
EKUADORREKO HAUTESKUNDEAK
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lehia estua dago Ekuadorren, hauteskundeetako bigarren itzulian. Noboak zein Gonzalezek boten % 44na eskuratu zituzten lehen itzulian, 16.000 botoko aldeaz Noboa aurretik zela. Inkestek berdinketa iragartzen dute oraingoan ere eta boto gutxigatik atera daiteke bietako bat irabazle.
Hauteskunde presidentzialen bigarren itzulia egingo dute Ekuadorren igande honetan. Daniel Noboa egungo presidentea berrautatu edo Luisa Gonzalez correistaren artean aukeratu behar dute herritarrek.
Urte eta erdian bigarren aldia da ekuadortarrek Noboa eta Gonzalezen artean aukeratu beharra daukatela. Izan ere, 2023an, ezohiko hauteskundeak izan ziren eta Noboa atera zen garaile, Ekuadorko familia aberatsenetako baten kidea, Latinoamerikako eta Ekuadorko historiako presidente gazteena bihurtuz.
Hauteskunde haietan, Noboak botoen % 51,83 lortu zituen eta Gonzalezen % 48,17, baina, orain, lehia estuagoa izango dela aurreikusten da, aurtengo otsailean izandako lehen itzulian bien arteko aldea 16.000 boto pasatxokoa besterik ez baitzen izan.
Ekuadorreko buru izango da irabazlea datozen lau urteetan (2025-2029), eta aukeraketak munduarekin harremanak baldintzatuko ditu. Izan ere, bi ikuskera oso ezberdin ordezkatzen dituzte:
Daniel Noboa Ekintza Demokratiko Nazionaleko (NGA) hautagai eta liderrak dagoeneko iragarri du, irabaziz gero, egungo Konstituzioa aldatuko lukeen Batzar Konstituziogile bat bultzatuko duela, Rafael Correaren agintaldian (2007-2017) onartu zena ordezkatzeko. Besteak beste, gastu publikoa kontrolatzeko erreforma liberalak ezarri nahi ditu, baita atzerriko inbertsioak erakartzeko erreformak eta lan baldintzak malgutzeko aldaketak ere.
Nazioarteko esparruan, Estatu Batuak dira bere babes nagusiak, Edmundo Gonzalez Urrutia aitortu du Venezuelako presidente hautatu gisa, eta ezkerreko gobernu askorekin etsaituta dago, bereziki Jorge Glas presidenteorde ohi korreista atxilotzeko Mexikoko enbaxadaren inbasioa agindu ondoren.
Beste muturrean, Luisa Gonzalez Herritarren Iraultzaren hautagaiak gizarte laguntza, gastu publiko eta aberastasunaren birbanaketa handiagoaren eredu korreista jarri nahi du indarrean, ekonomiaren gaineko kontrol handiagoa ezarriz, eta dagoeneko iragarri du Nicolas Maduro Venezuelako presidente gisa aitortuko duela eta Mexikorekin harremanak berrezarriko dituela.
Luisa Gonzalezek koalizio gobernua agindu du. Argazkia: EFE
Erasoz, irainez eta bidegabekeriaz betetako hauteskunde kanpaina baten ondoren, berdinketa dago bi hautagaien artean, inkesten arabera. Testuinguru horretan, Gonzalezek beste indar politiko batzuen babesa lortzeko ahalegina egin du. Hala "batasun gobernua" indarrean jartzea agindu eta ez dela "jazarpenik" izango ere esan du.
Ituna sinatu du ezkerreko beste indar batzuk batzeko, horien artean Pachakutikekin, mugimendu indigenaren erakunde politikoarekin. Leonidas Iza hautagaiak milioi erdi boto baino gehiago lortu zituen lehen itzulian eta horiek bere alde izan nahi ditu orain Gonzalezek. Dena dela, beste erakunde indigena batzuk Noboaren aldeko botoa iragarri dute.
Bere Gobernuan zentro-eskuineko Jan Topic presidentegai ohia izateko aukera ere aurreratu du Gonzalezek. Topicek ezin izan zuen hauteskunde hauetan lehiatu, Noboari egozten dion inpugnazio baten ondorioz inhabilitatu zutelako. Legionario ohi eta segurtasunean aditua den enpresariak uste du aurkari serio gisa hartzen zuelako joan zirela bere kontra.
Noboak salbuespen egoera ezarri du sei probintziatan, Quito barne
Hauteskundeak izan baino ordu batzuk lehenago Nobo presidenteak 599 Dekretu Exekutiboa argitaratu du, sei probintziatan, Quiton barne, 60 eguneko salbuespen egoera ezarriz.
Guayas, Los Rios, Manabi, Orellana, Santa Elena, El Oro, Sucumbios probintziak, Pichincha probintziako Quitoko Metropoli Barrutia eta Azuay probintziako Camilo Ponce Enríiquez kantoia, baita herrialdeko kartzela guztiak ere, salbuespen egoeran egongo dira.
"Dekretuaren oinarria indarkeria-indizeak, delituak eta antolatutako talde armatuek egindako legez kontrako ekintzen areagotzean dago", azaltzen du testuak.
Isabel Diaz Ayuso Noboaren mitin batean, haren aldeko botoa eskatzen. Argazkia: EFE
Nazioarteko behatzaileak ezin dira sartu
Bestalde, Gonzalezek salatu du Noboaren Gobernuak beste dekretu baten bidez (597) ezarritako mugen itxierak nazioarteko behatzaile taldeen sarrera eragozten duela.
"Herrialdea ohartarazi nahi dugu demokraziarentzat beste mehatxu larri bat gertatu dela (...). Noboaren gobernuak galarazi egin die apirilaren 13ko hauteskundeen gardentasuna behatu eta bermatzeko etorri behar ziren ordezkaritza politikoei eta nazioarteko behatzaileei gure herrialdera sartzea", idatzi du Gonzalezek X sare sozialean.
Gobernuak itxiera "herritarren ongizatea eta herrialdearen subiranotasuna babesteko" erabaki duela adierazi du. "Aldi baterako erregulazio berezi" horrek mugatu egingo du atzerritar oro lurralde nazionalean sartzea apirilaren 11ko (ostirala) 16:00etatik (21:00 GMT) 2025eko apirilaren 14ko (astelehena) 23:59 arte (04:00 GMT) arte.
Euskal Herrian bizi diren ekuadortarrek Iruñean eman ahal izango dute botoa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa