Mundua
Programa nuklearra
agentziak | eitb media
AEBko eta Irango ordezkariek errepublika islamiarraren programa nuklearrari buruzko negoziazio publikoak hasi dituzte berriro larunbat honetan, zazpi urteko urruntzearen ostean, Donald Trumpek 2018an Ekintza Integralerako Plan Bateratua bertan behera uztea erabaki ostean.
Irango egunkari baten azala, elkarrizketei buruzko albistearekin, larunbat honetan. Argazkia: EFE
Iranek eta AEBk Mascaten (Oman) larunbat honetan egindako zeharkako elkarrizketen lehen txandaren ostean adostu dute datorren astean errepublika islamiarraren programa nuklearraren inguruan eta Irani zigorrea kentzearen inguruan negoziatzen jarraitzea.
Irango negoziazioko iturriek IRNA albiste agentzia ofizialari azaldu diotenez, Abbas Araqchi Atzerri ministroak eta Steve Witkoff AEBko ordezkariak zuzendutako lehen negoziazioa giro positiboan igaro da, Omanen bitartekaritzari esker.
"Iranen eta AEBren arteko elkarrizketen giroa positiboa izan da", jakinarazi du negoziazio taldeak. Are gehiago, negoziazioaren formatuan aldeen arteko aurrez aurreko bilerareik aurreikusten ez bazen ere, Araqchik eta Witkoffek elkar ikusi dute eta minutu batzuez hizketan ari dira elkarrekin, Omango Atzerri ministro Badr al Busaidyren aurrean.
Negoziatzaileek ez dute oraingoz hurrengo bileraren datari edo lekuari buruzko xehetasun gehiagorik eman.
Elkarrizketak, zazpi urteren ostean
AEBko eta Irango ordezkaritzak Maskaten, Omango hiriburuan, elkartu dira Teheranen programa nuklearraren inguruko negoziazioei berrekiteko, zazpi urtez harremanak eten ostean.
Donald Trumpek, bere lehenengo agintaldian, 2018an, Iranekin egindako nazioarteko akordioa uztea erabaki zuenetik aurreneko negoziazioak dira. Baterako Ekintza Integraleko Plana deiturikoa akordio historikoa izan zen 2015ean. Teheranek eta munduko herrialde eta erakunde nagusiek (NBEko Segurtasun Kontseiluko kide guztiek, eta Europar Batasunak) sinatu zuten, eta Iranek programa nuklearra helburu baketsuetara bideratzeko konpromisoa hartu zuen, zigor ekonomikoak kentzearen truke.
Trumpek akordiotik ateratzea erabaki zuen, Iran arma nuklearra lortzear zela argudiatuta, Teheranek behin eta berriz ukatu zuen arren.
Ordutik, Iran urrundu egin da hartu zituen konpromisoetatik. Azaroan, Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak ezarritako kontrako ebazpenaren aurrean, Iranek iragarri zuen zentrifugagailuak jarri zituela martxan uranioa aberasteko.
Horrez gain, gaur egungo testuingurua bereziki zaila da, Iranek AEBrekin duen harremana ez ezik, Israel dagoelako tartean, are gehiago Gazako gerra hasi zenetik.
Trumpek esan du akordioa negoziatzeko borondatearekin dagoela, errepublika islamikoaren kontrako ekintza militarrik egin behar ez izateko. "Uste dut mundu guztiarentzat dela hobea akordio batera iristea", azaldu zuen aurreko astelehenean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa