Mundua
ERABAKIA
Agentziak | EITB MEDIA
Nazioarteko Zigor Auzitegia (NZA) "ekimen errespetagarria zen, baina azkenaldian ikusi duguna —eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurkako akusazioa da horren adibiderik tristeena— erakunde politiko bihurtu da", adierazi du Gobernazio ministroak.
Viktor Orban eta Benjamin Netanyahu irribarretsu Budapesten (Hungaria). Argazkia: EFE
Hungariako Gobernuak Nazioarteko Zigor Auzitegitik erretiratzeko erabakia hartu duela iragarri du, Gergely Gulyas Gobernazio ministroak Facebooken argitaratutako mezu batean jakinarazi duenez.
Hungariako Gobernuak "Konstituzioaren eta nazioarteko ordenamendu juridikoaren arabera" hasiko du prozedura, ministroak adierazi duenez. Europa erdialdeko herrialdearen kanpo-politika nabarmen aldatzea eragingo du horrek.
Nazioarteko Zigor Auzitegia "ekimen errespetagarria zen, baina azkenaldian ikusi duguna —eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurkako akusazioa da horren adibiderik tristeena— erakunde politiko bihurtu da", adierazi dio Gulyasek MTI agentziari.
Netanyahu Budapestera iritsi berritan etorri da iragarpena. Erromako Estatutuan parte hartzen duen herrialde batera egiten duen lehen bisita da, NZAk 2024ko azaroan bere aurkako atxilotze agindua eman zuenetik, Gazako Zerrendan gerra eta gizateriaren aurkako krimenak egiten ari omen zelako.
Orban eta Netanyahu Budapesten. Argazkia: EFE
Viktor Orbanen gobernu ultranazionalistak Budapest bisitatzera gonbidatu zuen Netanyahu, eta behin eta berriz esan du atxiloketa agindua ez zuela beteko, NZAren erabakiak Hungariako zigor kodean "aitortuta" ez daudela argudiatuta.
Orbanek, Netanyahuren gertuko aliatuak, atxiloketa agindua "lotsagabea eta zinikoa" zela esan zuen.
Horrez gain, Hungariako Gobernuak argudiatu zuen Hagan egoitza duen auzitegiak ez duela Netanyahu auzipetzeko "eskubiderik", Israelek Hamas talde islamistaren erasoen aurrean bidezko defentsa egiten duela defendatuz.
Netanyahuren atxiloketa
Hungariak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren erabakiak betearazteko "betebehar juridikoa" du, adierazi du auzitegiaren bozeramaile batek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bisita dela eta.
"Gortea estatuen menpe dago bere erabakiak betearazteko. Hori, Erromako Estatutuari jarraiki, Gortearekiko betebehar juridikoa bakarrik ez, gainerako estatu alderdiekiko erantzukizuna ere badakar", adierazi dio NZAren bozeramaile batek, eta oraindik ez du aipatu Hungariako Gobernuak auzitegi horretatik erretiratuko dela iragarri izana.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa