Itxi

Mundua

Ukrania-Errusia gerra

Ukrainaren eta AEBren ordezkaritzen arteko Riadeko bake negoziazioa "emankorra" izan dela adierazi dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Igande arratsaldean bost orduz egon dira bilduta Saudi Arabian, Estatu Batuen eta Ukrainaren arteko elkarrizketak su-eten bat adostu nahian. Antza, batez ere energia azpiegiturak babesteaz aritu dira. Astelehenean Errusiako ordezkaritza bat iritsiko da Riadera.

  • Elkarretaratzea Kieven, presoen eta deportatuen itzulera eskatzeko. Argazkia: EFE

    Elkarretaratzea Kieven, presoen eta deportatuen itzulera eskatzeko. Argazkia: EFE

Espero baino egun bat lehenago, Ukrainaren eta AEBren ordezkaritzek bilera egin dute igande honetan Riaden, eta bost orduko negoziazioen ostean, bilera "emankorra" izan dela adierazi dute bi aldeek. Instalazio energetikoei eta azpiegitura kritikoei buruzko su-eten partziala izan dute ardatz negoziazioetan.

"Amaitu dugu talde estatubatuarrarekin egin dugun bilera. Eztabaida emankorra izan da (...). Funtsezko puntuak jorratu ditugu, hala nola energiaren gaia", adierazi du Rustem Umerov Ukrainako Defentsa ministroak X sare sozialean zabaldutako mezu batean.

Ukrainaren ordezkaritzaren buruak azpimarratu duenez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen helburua "bake justu eta iraunkorra ziurtatzea da", bai Ukrainarentzat baita "hedaduraz, Europa osoarentzat" ere. "Helburu hori gauzatzeko lanean ari gara", adierazi du Defentsako ministroak.

Umeroven mezuaren aurretik, Zelenskik berak iragarri du "oso ondo" zihoazela negoziaketak. "Rustem Umerov gure Defentsa ministroarekin hitz egin berri dut, eta hark negoziazioen aurrerapenaren eta bileraren berri eman dit. Gure taldea erabat modu eraikitzailean ari da lanean. Elkarrizketa oso baliagarria izaten ari da", adierazi du Ukrainako estatuburuak gauero eman ohi duen bideomezuan.

Zelenskik azaldu duenez, jada lau ordu zeramatzaten ordurako Ukrainako eta AEBko ordezkariek bilduta eta bihar han jarraitu edo ez, gaurko negoziaketek ematen dutenaren arabera erabaki behar zuten.

Ukrainako Defentsa ministro Rustem Umerovek, Gobernuko buruorde Pavlo Palisak eta profil teknikoagoa duten energia eta portu-azpigieturetako aditu talde batek osatutako delegazioa du Ukrainak Saudi Arabian.

Bestalde, astelehenean iritsiko da Riadera Errusiako Senatuko Nazioarteko Gaietako Batzordearen buru Grigori Karasin, Segurtasun Zerbitzu Federalaren zuzendari eta aholkulari Serguei Beseda, eta negoziazioetan aditu diren bi lagun, Kremlinek aurreratu duenaren arabera.

Ukrainak bertan jarraitzen badu, bi ordezkaritzak gela ezberdinetan egongo dira, AEBk bi aldeak bereizita izan nahi baititu elkarrizketetan, areto batetik bestera ibiltzeko gero bitartekari lanak egiten.

Estatu Batuak, baikor, Putinek bakea nahi duelakoan

Steve Witkoff, Donald Trump AEBko presidentearen aholkulari nagusietako bat baikor agertu da igande honetan Saudi Arabian egiten ari diren bilerak direla eta. Testuinguru horretan, adierazi du uste duela Vladimir Putin Errusiako presidenteak "bakea nahi" duela. "Iruditzen zait bakea nahi duela", esan du Witkoffek Fox News Witkoff katean egindako elkarrizketan.

Witkoff funtsezkoa izan da negoziazio horietan, Trumpen ordezkari nagusia izan baita Errusiako presidentearen aurrean, eta bi aldiz bildu da harekin Moskun.

Zazpi pertsona hil ditu bart Errusiak Kieven

Ukraniako presidente Volodimir Zelenskik salatu duenez, gutxienez zazpi lagun hil ditu Errusiak —tartean, 5 urteko haur bat—, eta hamar zauritu, bart Kieven aurka burututako aire-erasoetan.

150 drone jaurti ditu Errusiak azken orduetan, eta "eguneroko errealitatea" hori dela salatu du Ukrainako presidenteak.

Erasoak Riadeko topaketaren aurreko orduetan gertatu dira.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN