Mundua
Nazioarteko zuzenbidea
Agentziak | EITB Media
Zehazki, "AEBko herritarren edo Washingtonen aliatuen aurkako ikerketetan parte hartzen duten erakundeko horretako kideei" Estatu Batuetara bidaiatzeko bisak mugatzea eta finantza-murrizketak ezartzea helburu duen agindua sinatuko du agintariak.
Donald Trump AEBko presidentea Kapitolioan, Washingtonen. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidenteak agindu bat sinatuko du gaur Nazioarteko Zigor Auzitegia zigortzeko, "AEBren eta bere aliatuen aurka egindako ekintzengatik", Etxe Zuriko funtzionario batek EFEri baieztatu dionez.
Agenda ofizialaren arabera, Trumpek hainbat agindu exekutibo sinatuko ditu gaur. Agindu horien edukia ez dute jakitera eman, baina Etxe Zuriko funtzionario batek EFEri aurreratu dionez, horietako batek zigorrak ezarriko dizkio Nazioarteko Auzitegiari.
Hain zuzen ere, aginduak Auzitegiko kideei finantza-murrizketak ezartzea eta Estatu Batuetara bidaiatzeko bisak mugatzea bilatzen du, baldin eta "AEBko herritarren edo Washingtonen aliatuen aurkako ikerketetan laguntzen badute".
Asteartean Trumpek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin izandako bileraren ostean sinatuko du agindu hori. Azaroan Auzitegiak Netanyahu atxilotzeko agindua eman zuen, Gazako Zerrendan gerra eta gizateriaren aurkako ustezko krimenak egin izana egotzita.
Netanyahu Washingtonen da larunbatera arte, eta bilerak egin ditu Kongresuko eta Gobernuko ordezkari garrantzitsuekin, Pete Hegseth Defentsa idazkariarekin barne.
Bestalde, Europar Batasunak Nazioarteko Zigor Auzitegiak "munduko krimen lazgarrienetako batzuen biktimekin" egiten duen "funtsezko" lana babesten duela azpimarratu du Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteak.
Costak mezua sare sozialetan partekatu du, bruruzagi portugaldarra Tomoko Akane Nazioarteko Zigor Auzitegiko presidentearekin Bruselan bildu ostean.
"Auzitegiak funtsezko zeregina du munduko krimen lazgarrienetako batzuen biktimei justizia egiteko. Independentzia eta inpartzialtasuna Gortearen lanaren funtsezko ezaugarriak dira. EBk inpunitatearekin amaitzeko eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa guztiengatik kontuak emateko konpromisoari eusten dio", idatzi du Costak.
Costak Akanerekin egin duen batzarrean, hain zuzen ere, AEBko balizko zigorrak eta erakundeari nola eragin diezaioketen izan dute hizpide, eta "EBk nazioarteko zuzenbidean funtsezkoa den erakunde bati ematen dion babesa indartzeko moduak" eztabaidatu dituzte, Europako iturri batek jakitera eman duenez.
2020an, lehen agintaldian (2017-2021), Trumpek zigorrak ezarri zizkion Fatou Bensouda Nazioarteko Auzitegiko fiskalari eta haren aholkulari nagusietako bati, AEBko tropek Afganistanen ustez egindako gerra krimenen inguruko ikerketa baten ondorioz.
Trumpen neurria Senatuko demokratek (ganbera horretan gutxiengoan) Netanyahuren eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohiaren aurkako atxiloketa aginduei erantzunez errepublikanoek Nazioarteko Auzitegia zigortzeko saiakera bat blokeatu ostean etorri da.
Nazioarteko Zigor Auzitegia, Erromako Estatutuaren bidez sortua, gerra-krimenak, gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa leporatzen zaizkien pertsonak epaitzeko erakundea da. Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Errusia eta Israel ez dira Gorteko kideak, eta, beraz, ez dute haren jurisdikzioa onartzen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa