Ameriketako Estatu Batuak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bezos, Musk eta Zuckerberg hirukote aberatsa Trumpen kargu-hartzearen lehen lerroan izango da

Espero da oholtzaren alboan esertzea; presidente ohien, Trumpen familiaren, administrazio berriko kabineterako hautagaien eta ganberetako ordezkarien ondoan.
Bezos-Musk-Zuckerberg-efe
Ezkerretik eskuinera, Jeff Bezos, Mark Zuckerberg eta Elon Musk. Argazkia: EFE

Jeff Bezos, Elon Musk eta Mark Zuckerberg erraldoi teknologikoen jabeak Donald Trump presidente hautatuaren kargu-hartzean izango dira datorren astelehenean, AEBko hedabideen arabera.

Hirukote aberatsa oholtzaren alboan eseriko dela espero da; presidente ohien, Trumpen familiaren, administrazio berriko kabineterako hautagaien eta ganberetako ordezkarien ondoan, The Washington Post egunkariaren arabera.

Shou Chew eta Sundar Pichai TikTokeko eta Googleko zuzendari exekutiboak, hurrenez hurren, ere 'front row' horretan eseri daitezke, Trumpen langile batek NBC Newsi esan dionez.

The New York Times-ek ere baieztatu du Chewren parte-hartzea. TikTok AEBetan debekatzekotan daude; izan ere, baliteke aplikazioa denda digitaletan desagertzea, baldin eta txinatar jabetzako enpresak filial estatubatuarra ostirala baino lehen bertako enpresa bati saltzen ez badio.

Shou-Chew-tiktok-efe Show Cheu TikTokeko zuzendari exekutiboa. Argazkia: EFE

Silicon Valleyren erraldoiek Trumpekin harremanak estutzea dute helburu, Etxe Zurian eman zuen lehen agintaldian (2017-2021) handi-mandia oso kritikoa izan baitzen sektorearekin.

Buruzagi errepublikanoak azaroan hauteskundeak irabazi zituenetik, AEBko konpainia teknologiko nagusietako zuzendari guztiak Mar-a-Lagoko (Florida) etxe arranditsuan hartu ditu.

Musk, munduko pertsona aberatsena eta Teslako arduraduna, urrats bat harago joan da, eta presidente hautetsiarekin bilera politikoetan parte hartu du haren egoitzan.

Ekarpenak

Enpresaburu dirudunek euren esker ona erakutsi diote Trumpi ekarpen ekonomiko handiak eginez: Amazonek, Metak, Googlek eta OpenAik milioi bateko dohaintzak egin dizkiote Trumpen inaugurazio-funtsari. Bestalde, Musk izan zen emaile handiena Trumpen 2024ko kanpaina politikoan.

The New York Times-en arabera, AEBko hiriburuan dozenaka ekitaldi izango dira, luxuzko hotel eta jatetxeetan diru asko bilduko dituztenak.

Zuckerbergek gala bat antolatuko du, Miriam Adelson emaile errepublikanoarekin batera Trumpen kargu-hartzea ospatzeko, bertako hedabideen arabera.

Ekitaldiak antolatuko dituen beste enpresa teknologiko bat Spotify izango da, eta 'brunch' bat eskainiko du Joe Rogan, Megyn Kelly eta Ben Shapirorekin.

Kriptodiruaren munduak ere alfonbra gorria jarriko dio Trumpi, 'Crypto Ball' batekin. Ekitaldi horrek sarrera guztiak salduta ditu, ostiral gauean izango da, eta Snoop Dogg rap abeslariak kantatuko du bertan.

 

 

Albiste gehiago mundua

SRINAGAR (India), 14/08/2025.- A man rows a boat during rainfall in Srinagar, India, 14 August 2025. A cloudburst struck a remote mountain village in Jammu and Kashmir’s Kishtwar district, killing at least 38 people including two policemen, officials said. EFE/EPA/FAROOQ KHAN
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ia 40 pertsona hil dira Kaxmirren izandako uholdeetan, Indian

Gutxienez 38 pertsona hil eta 100 zauritu dira Indiako Jammu eta Kaxmir estatuan izandako euri-jasek eragindako uholdeetan. Erreskate talde ugari mobilizatu dira hondakinen artean harrapatuta egon daitezkeen edo korronteak eraman dituen biktimak aurkitzeko. Gunerik kaltetuenetako bat Chositi izan da. Ur-uholdeek kalteak eragin dituzte etxebizitzetan eta ibilgailuetan. Era berean, uholdeek suntsitu egin dituzte Kishtwar barrutiko Machail Mata santutegia urtero bisitatzen duten erromesentzako kanpin-dendetan jarritako aldi baterako sukaldeak.

Aitor Zabalgogeazkoari elkarrizketa
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Aitor Zabalgogeazkoa (MSF): "Gazako janari banaketa sistema berria basakeria bat da"

Aitor Zabalgogeazkoak zortzi aste egin ditu Gazan Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen larrialdietako koordinatzaile bezala lan eginez. Bere hitzetan, 22 hilabeteren ostean, "jendeak esperantza galdu du eta gosetea gero eta handiagoa da". Zabalgogeaskoak gertutik bizi izan du Israelek eta AEBk babesten duten janari banaketa puntuetan gertatzen dena. "Egunero egoten dira hildakoak eta zaurituak" eta askok buruan eta bularrean jasotzen dituztela tiroak adierazi du "Gaur Egun" albistegian egindako elkarrizketan.

Gehiago kargatu