20:37

Mundua

GAZA

Su-etena adostu dute Israelek eta Hamasek

EITB Media

Donald Trump AEBko presidente hautetsiak aurreratu du akordioa, baina herrialde bitartekariek baieztatu egin dute ondoren. Igande eguerdian sartuko da indarrean su-etena. Poza zabaldu da Gazako biztanleen eta bahitu israeldarren senideen artean.

0:42
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelek eta Hamasek su-etena hitzartu dute, 15 hilabeteko inbasioaren ostean, Donald Trump AEBko presidente hautetsiak aurreratu eta ondoren Joe Biden egungo agintariak eta Mohamed bin Abderrahman Qatarreko lehen ministroak baieztatu dutenez.

Orain arte publiko egin diren lehen zehaztasunen arabera, hiru faseko prozesua aurreikusten du akordioak. Lehenengoan, Hamasek 33 gatibu askatu beharko ditu, eta Israelek tropak erretiratu beharko ditu Rafah herritik.

Bigarrenean eta hirugarrenean, aldiz, Israelek eta Hamasek Philadelphia korridoretik soldaduak erretiratzea negoziatuko dute.

"Akordioa dugu Ekialde Hurbileko gatibuak laster aske gera daitezen. Eskerrik asko!", adierazi du Trumpek, Truth Social sare sozialean.

Trumpek "infernua" sentiaraztea promestu zion Hamasi, astelehenean AEBko presidente kargua hartu baino lehen gatibu guztiak askatu ezean. Negoziazioen azken txanpan, presidente hautetsiak ordezkari bat izan du bileretan: Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako ordezkari berezia.

Israelgo Gobernuak akordioa bozkatu behar du oraindik. Zehazki, bihar, osteguna, egingo du. Nolanahi ere, izapide hutsa izatea espero da: inork ez du uste Netanyahu lehen ministroaren Exekutiboak Donald Trump gezurtatuko duenik.

Qatarreko Atzerri Ministerioak zehaztu duenez, su-etena igandean sartuko da indarrean, 12:15ean. Ez dago argi, ordea, zer ordu-eremuren arabera.

Azken egunetan, negoziazioak bizkortu egin dira, eta AEBk eta Qatarrek baieztatu egin zuten akordioa gertu egon zitekeela.

Hamasek 2023ko urriaren 7an egin zuen erasoan 1.200 pertsona inguru hil zituen Israelen. Geroztik, Israelek Gazako Zerrendaren aurka zuen setioa gogortu eta oldarraldia handitu du, eta 46.645 hildako eta 110.012 zauritu eragin ditu, Gazako Osasun Ministerioak zabaldutako azken datuen arabera.

Hamasek 240 pertsona bahitu zituen urriaren 7an, eta horietatik 100 inguru ei daude oraindik Gazan gatibu.

"Lorpena", Hamasentzat

Testuinguru horretan, Hamasek nabarmendu du akordioa "lorpena" dela palestinarrentzat, eta "norabide aldaketa" Ekialde Hurbileko gatazkan.

"15 hilabetez Gazan egindako erresistentzia ausartaren ondorioa da akordioa", adierazi du, Palestinako Filastin egunkariak jasotako adierazpenetan.

Bestalde, talde palestinarrak eskertu egin du Qatarrek eta Egiptok egindako "esfortzuak" akordioa lortzeko.

Akordio "mingarria" Israelentzat

Bere aldetik, Guideon Saar Israelgo Atzerri ministroak adierazi du hitzartutakoa "mingarria" dela, "terroristak eta hiltzaile arriskutsuak" askatu beharko dituztelako Gazan gatibu daudenak etxera itzultzeko.

"Akordio zaila da, mingarria, baina guretzat oso inportantea da gure herrikideak aske geratzea", esan du, Italian, bertako Rai telebista publikoan egindako elkarrizketan.

Saar Hungariara joatekoa zen orain, Europan zehar egiten ari den biraren baitan, baina Israelera itzuliko da, "negoziazioetan emandako aurrerapenak" direla eta.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena