Mundua
USTEZKO SABOJTAJEA
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Polizia finlandiarrak uste du Errusiaren "itzaleko flota" deritzonaren ontzi bat dela. Sabotaje delitua leporatuta geldiarazi dute.
Finlandiako Itsas Zaintzako ontzi bat, geldiarazitako barkuaren parean. Argazkia: @SuomenPoliisi
Errusiarekin lotura duen itsasontzi bat atzeman dute Finlandiako Itsas Zaintzako agenteek itsaso Baltikoan, urpeko argindar kable bat —Finlandia eta Estonia lotzen dituena— eta zuntz optikoko beste lau kaltetu dituelakoan.
"Sabotaje delitua" egon den argitzeko, ikerketa zabaldu du Polizia finlandiarrak. "Cook Irletako matrikula duen Eagle S petrolio-ontzia Finlandiako uretan sartu zen, eta orain, ikertzen ari gara urpeko kableek izandako kalteekin loturarik duen", esan du Poliziak, gaur igorritako agiri batean.
170 kilometroko luzera du kalteak izan dituen kableak, eta horietatik 145 ur azpian daude. Sami Rahskit, Finlandiako Aduanetako zuzendariak azaldu duenez, atzemandako ontzia Errusiaren "itzaleko flota" deritzonarena dela uste dute.
Barkua Helsinkitik 30 bat kilometrora dagoen Porkkalako portura eraman dute, eta tripulazioko kideak galdekatzen ari dira. Horien nazionalitatea ez da zabaldu, oraingoz.
Petteri Orpo Finlandiako lehen ministroak esan du Baltikoan dabiltzan "itzaleko flotak oso arriskutsuak" direla inguruko herrialdeentzat zein Europar Batasun osoarentzat. "Gobernua ahalegin guztiak egiten ari da, egoera konpontzeko", esan du.
Ildo beretik mintzatu da Marc Rutte NATOko idazkari nagusia ere. Azaldu du jada hitz egin duela Kristen Michal Estoniako lehen ministroarekin gaiari buruz eta ikerketan laguntzeko prest agertu da. "NATOk elkartasuna adierazi nahi die aliatuei eta eraso oro salatzen du. Finlandiarekin eta Estoniarekin elkarlanean ikerketa gertutik jarraitzen ari gara eta gure laguntza osoa eskaini dugu", esan du Ruttek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa