17:23

Mundua

Siriako erregimenaren erorketa

Israelek 300 bonbardaketa baino gehiago egin ditu Sirian, eta eremu desmilitarizatua okupatu du

EITB Media

Gainera, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak salatu duenez, Israelen tropak Sirian sartu dira, desmilitarizatutako eremutik kanpo, baina Israelek ukatu egin du. Tel Avivek onartu du, hala ere, bere soldaduak eremu desmilitarizatuan daudela.

  • Israelgo soldaduak eta tankeak Sirian. Argazkia: EFE

    Israelgo soldaduak eta tankeak Sirian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelen hegazkin bonbaketariek gutxienez 310 eraso egin dituzte Sirian, aliantza islamiar-jihadistak Baxar al-Assad Siriako presidentea kendu zuenetik, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak gaur jakitera eman duenez.

Gainera, Behatokiak ziurtatu duenez, Israelen tropek 14 kilometro egin dituzte aurrera Siriako mugen barruan, desmilitarizatutako eremutik kanpo, eta Damaskotik gero eta gertuago daude, nahiz eta Israelgo Armadak hori ukatu.

Behatokiak adierazi duenez, Israelen indarrak Sirian sartu dira, eta ez mugako puntu bakar batean, 20 kilometro baino gehiagoko eremu zabal batean baizik.

Gobernuz kanpoko erakundearen arabera (Erresuma Batuan du egoitza, eta kolaboratzaile ugari ditu), Israelek ehiza-hegazkinen bonbardaketak abiatu ditu berriro, besteak beste, Alepon Armadaren Aireko Defentsaren fabrika batzuen aurka eta Damaskoko kanpoaldean dauden arma-biltegien kontra.

"Aire eraso hauekin, Tel Avivek etorkizuneko Siriako Armadaren arma eta material guztiak suntsitu nahi ditu", azaldu du Behatokiak.

Azken bi egunetan, Israelen 300 bonbardaketak baino gehiagok aireko baseak, biltegiak, aireontziak, radar sistemak, ikerketa zientifikorako zentroak eta ia probintzia guztietako arma eta munizio biltegiak izan dituzte jomuga. Gainera, herrialdeko talde armatuen arteko borrokaldiek bere horretan jarraitzen dute zenbait tokitan, hau da, gatazka ez da inola ere amaitu.

Israelen bonbardaketek Deir al Zur, Hama, Homs, Al Hasakah, Latakia, Damasko, Deraa, Alepo eta Al Quneitra probintziak astindu dituzte.

Israelek onartu du eremu desmilitarizatua okupatu duela

Israelen Armadak astelehenean baieztatu zuen Hermon mendiaren Siriako zatian sartu zela, Israel eta Siria arteko eremu desmilitarizatuan, aliantza islamiar-jihadistak Damasko hartu ondoren.

Era berean, gaur gezurtatu egin ditu bere tropak Damaskorantz doazela dioten informazioak, eta gogorarazi du Israelen soldaduak "desmilitarizatutako eremu osoan eta beste puntu batzuetan" daudela mugaren alde bietan, bai Sirian, bai Israelen.

Zentzu horretan, Israel Katz Defentsa ministroak esan duenez, Israelgo Armadak Siriako Baxar al-Assaden erregimeneko flota militar guztia suntsitu du, eta tropak mugako eremu desmilitarizatuan daudela onartu du.

Katzen arabera, "Israelen gerraontziek eskala handiko erasoak egin zituzten Siriako itsas armadaren ahalmena eta armak matxinoen esku ez erortzeko, gehienak islamistak eta Turkiaren aldekoak baitira".

Itsas misilez armatutako Siriaren gerraontziak suntsitu zituzten Israelgo Armadaren misil balistikoek Minet al Beidako badian eta Latakiako portuan, Siriako kostaldean.

Ministroak berretsi du Israelen tropek "eremu seguru bat" sortu nahi dutela, Israelek eta Siriak 1974an desarmatzeko akordioan hitzartu zuten eremu desmilitarizatuaz harago. Israelen Atzerri ministroak atzo azpimarratu zuenez, mugan tropak "aldi baterako" egongo dira.

Turkiako Gobernuak, ostera, "gogor" gaitzetsi du Israelen tropek eremu desmilitarizatuan aurrera egin izana. Saudi Arabiak, Qatarrek, Kuwaitek, Irakek eta Egiptok ere Israelen jokabidea gaitzesteko oharrak argitaratu dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena