21:37

Mundua

Siriako errejimenaren erorketa

NBEren aburuz, Israelek 1974ko akordioa hautsi du Golango gainetan sartuta

Agentziak | EITB Media

Herrialde arabiarrek ere sartu izana gaitzetsi dute. Hala ere, Netanyahuren hitzetan akordioa "ezerezean gelditu da" al-Assaden erregimena erori dela eta eremu hori "Israelen zati banaezina" dela adierazi du.

  • Israelgo armada Golango Gainetan. Argazkia: EFE.

    Israelgo armada Golango Gainetan. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiaren ustez, Israelek Siriarekin 1974an sinatu zuen akordioa urratu du bere Armada Golango Gainetako eremu desmilitarizatuan sartuta. Israelgo Defentsa Indarrak Golango Gainetako lurretan sartu ziren igandean, mugatik bi milia inguru, armadako iturriek adierazi dutenez.

1967ko Sei Eguneko Gerraren eta 1973ko Yom Kipurreko gerren ondoren Israelek aurretik Siriaren eskuetan zeuden Golango Gaineko lurrak bereganatu zituen. Baina 1974an Banaketa Akordioa sinatu zuten bi herrialdeek eta Banaketa Behatzeko Nazio Batuen Indarren kontrolpean egon den gune desmilitarizatu bat ezarri zuten. Garai hartan, Baxar al-Assaden aita zen Siriako presidentea. 

Orain, ordea, Baxar al-Assaden erregimena erorita, 1974ko akordio hori ezerezean gelditu dela adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk eta Golang Gainak "Israeletik banatu ezin diren lur zatitzat" hartu ditu.

Israelgo armada inguru horretan egoteak herrialdearen segurtasuna eta burujabetza bermatzen dituela adierazi du. Horrez gainera, AEBko presidente hautetsi Donald Trumpi eskerrak eman dizkio bere aurreko agintaldian Israelen inguru horretako jabetza onartu zuelako.

Bien bitartean, herriade arabiarrek ere Israel lurralde desmilitarizatuan sartu izana arbuiatu dute. Egipto, Irak eta Qatarren aburuz, mugimendu horiek "garapen arriskutsua", "Siriako lurren okupazioa" eta 1974ko akordioaren "urratze larria" dira.

Horrez gain, Israelgo agintariek Siriako hainbat gune bonbardatu dituztela onartu dute. Haien hitzetan, arma kimikoak eta distantzia luzeko jaurtigaiak zeuden biltegiak erasotu dituzte, "extremisten eskuetan eror ez daitezen" eta "Israelgo herritarren segurtasuna bermatzeko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena