22:09

Mundua

SIRIA

Siriako matxinada jihadistak Damasko inguratzeko operazioaren "azken etapa" hasi dela iragarri du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, aliantza hiriburutik 10 kilometrora dago. Siriako Armadak "gerra mediatiko sistematikoa" salatu du, eta herritarrei dei egin die "gure herrialdearen aurkako planaren kontzientzia har dezaten eta gezurren menpe eror ez daitezen".

  • Aliantza jihadistako kideak Haman. Argazkia: EFE.

    Aliantza jihadistako kideak Haman. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Siriako jihadisten eta matxinoen aliantzak hamar egun daramatza herrialdearen ipar-mendebaldetik Baxar al-Assad presidentearen armadaren aurka aurrera egiten, eta Damasko hiriburua inguratzeko operazioen "azken etapa" hasi dela iragarri du larunbat honetan. Begiraleek diote jihadistak hiriburutik hamar kilometrora besterik ez daudela jada.

"Gure indarrak hasi dira hiribururako setioaren azken txanpa abian jartzen. Damasko gure zain dago", iragarri du Hayat Tahrir al-Sham (HTS, Al-Qaidaren Siriako filial ohia) talde jihadistako buruzagi eta erasoaldiko buru Abu Muhammad al Golanik.

Turkiaren babesa ere baduten matxinoen aliantzak Alepo eta Hama hirien kontrola hartu du, astebete pasatxoan. Orain Damaskora iristen saiatzen ari dira Rif Damaskotik barna, hiriburuarekin muga egiten duen probintziatik, alegia.

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak bere azken ebaluazioan adierazi duenez, HTS taldea Artuzen dago jada, hiriburutik hamar kilometrora, eta Deraa probintziako oposizioko indarrak ere hiriburura hurbiltzen ari dira. Hain zuzen ere, Siriako Armadak larunbat honetan baieztatu duenez, Deraako eta Al Sweidako unitateak atzera egiten ari ziren beste leku batzuetan kokatzeko, "terroristei aurre egiteko".

Siriako Armadak matxinoen aurka borrokatzen jarraitzen du herrialdearen ipar-mendebaldean, Homs probintzian hain zuzen ere, islamistek hiriburuaren iparralderantz aurrera egitea eragozteko. Era berean, Defentsa Ministerioak gezurtatu egin du soldadu askok Al-Qaim bidegurutzearen bidez Irakera desertatu izana.

Siriako Armadak "gerra mediatiko sistematikoa" salatu du, eta oposizio errebelde eta jihadistak egindako aurrerapenei inguruko gezurrak zabaltzen ari direla esan du. "Gure herriak gerra mediatiko eta terrorista sistematikoa du aurrez aurre, kaosa eta izua zabaltzeko", ohartarazi du Armadaren eta Indar Armatuen Komando Nagusiak.

"Terroristekin bat egiten duten plataforma mediatikoak etengabe ari dira argitaratzen Siriako geografia osoko gertakariei buruzko bideo iruzurtiak", azaldu du sareetan oposizioaren aurrerapenei buruz argitaratutako edukiei buruz, eta gezurtatu egin du, era berean, Al-Assadek Damaskotik ihes egin izana.

"Gure herrialdearen aurkako planaren kontzientzia hartzeko eta gezurren menpe ez erortzeko" eskatu die Siriako aginte militarrak herritarrei.

Turkia, Errusia eta Iran, elkarrizketaren alde

Siriako Gobernuaren aliatu nagusiek, Iranek eta Errusiak, zein Baxar al-Assad presidenteari oposizio armatua egiten ari zaizkion islamistei babesa ematen dien Turkiak jarrerak hurbildu dituzte larunbat honetan, eta borroka eteteko eta Siriako gerrari amaiera emango dion elkarrizketa hasteko eskatu dute.

"Irmo berresten dugu Siriaren lurralde-osotasuna eta subiranotasuna errespetatzeko deia. Gerra ekintzak berehala eteteko eta Gobernuaren eta oposizioko indar legalen arteko elkarrizketa hasteko dei egiten dugu", esan du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Dohako foroan egindako hitzaldian.

Abbas Araqchi Irango Atzerri ministroak ere Dohatik egindako hitzartzean berretsi du hirurak ados daudela gatazkaren amaiera eskatzearekin, Siriako lurralde osotasuna errespetatu behar dela esatearekin eta, garrantzitsuena, Siriako Gobernuaren eta oposizio talde legitimoen arteko elkarrizketa politikoari ekin behar zaiola aldarrikatzearekin.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek ere dei egin die Siriako gatazkan inplikatutako alderdi guztiei, baita "nazioarteari" ere, arabiar herrialdearen lurralde-batasuna babesteko. "Gure eskualdearentzat onena erantzukizunak dituzten eragile guztiek, nazioarteko erakunde guztiek, Siriaren lurralde osotasuna babestea da", adierazi du Erdoganek Gaziantep hirian (Turkia), bere alderdiaren aurrean egindako hitzaldian.

Foro de Doha. EFE

Dohako Foroa. Argazkia: EFE

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena