Mundua
Akordioa
agentziak | eitb media
"Gure aliantza indartzen gaude, eta horrekin mezu argi bat ari gara bidaltzen munduari", adierazi du Von der Leyenek. Bitartean, Europako nekazarien eta kooperatiben batzordeak deitoratu egin du akordioaren iragarpena, eta protestak iragarri ditu Bruselan astelehenerako.
Merkataritza libreko ituna itxi dute Mercosurrek eta Europar Batasunak. Argazkia: EFE
Mercosurrek eta Europar Batasunak merkataritza libreko akordioa itxi dute gaur, ostiralarekin, Montevideon (Uruguai), 25 urtez negoziatzen aritu ostean. Orain, baina, berrespen prozesu bat igaro beharko du itunak, alde biek behin betiko onar dezaten.
"Gure elkartea inoiz baino sendoago dago", esan du Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, prentsaurrekoan, Mercosur osatzen duten herrialdeetako estatuburuak aldamenean zituela. "Egun historikoa da", adierazi du.
Horren harian, gogora ekarri ditu alde biek duela 30 urte izandako elkarrizketak, eta esan du gaur Montevideon egia bihurtu dela orduko ikuspegia. Horregatik, eskerrak eman dizkie "modu nekaezinean" hainbat urtez lanean aritu diren negoziatzaileei.
"Gure aliantza indartzen gaude, eta horrekin mezu argi bat ari gara bidaltzen munduari", gaineratu du Von der Leyenek, eta erantsi du akordioa, behar ekonomiko batez gain, "aukera politiko" bat ere badela.
Bestalde, nabarmendu du zatiketari "erantzun garbi bat" eman diola itunak, eta gaineratu du alde biek gainditutako oztopoei esker inbertitzaileek 700 milioi pertsona dituen merkatura sartzeko aukera izango dutela.
Azkenik, Europari esan dio "irabazia" izango dela europarrentzat, Mercosurrera esportazioak egiten dituzten 60.000 enpresa daudelako kontinente zaharrean.
Uruguaiko presidente Luis Lacalle Pouk ere hartu du hitza agerraldian, eta kontatu du 18 eta 20 urteko bere semeek ezin zutela ulertu negoziazioak hainbeste urtez luzatzea.
Europar Batasuneko nekazaritza sektoreak deitoratu egin du akordioa
Europako nekazarien eta kooperatiben batzordeak (Copa-Cogeca) deitoratu egin du merkataritza akordioaren iragarpena, "Europa osoan nekazarien familientzat ondorio larriak" izango dituela iritzita, eta protestak iragarri ditu Bruselan astelehenerako.
"Nekazaritza-komunitatearen beldurrak gauzatu egin dira", adierazi du Copa-Cogecak ohar batean, eta estatu kideek eta Europako Parlamentuak akordioa onartzen badute, eragina Europar Batasuneko 450 milioi kontsumitzailek jasango dutela ohartarazi du.
Halaber, "ekintza tximista bat" iragarri du Bruselan astelehenerako, EBko Nekazaritza eta Arrantza ministroen bilera izango dela aprobetxatuta.
Ekoizleen kooperatibek nabarmendu dute "urteetan zehar" akordio "zaharkitu eta problematiko" horren aurka egon direla.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa