Mundua
Ekialde Hurbila
Agentziak | EITB Media
Aurrerapauso hau benetan esanguratsua da islamistentzat, hiri hau kontrolatzeak gutxienez lau probintziaren ateak irekitzen dizkielako: Alepo, jada bereganatu dutena; Mediterraneoko Tartus eskualdea, Bachar al Asaden gotorleku, eta Latakia, non Errusiak bere base militarra duen; eta, azkenik, Homs.
Miliziano islamistak Alepo hiriko Nayrab aireportu militarrean, astelehenean. Argazkia: EFE
Bachar al Asaden Siriako Gobernuak Hama hiriaren kontrola galdu du gaur, astebete pasatxoan indar islamisten eskuetan erori den bigarren hiriburua, Aleporen ondotik.
Hayat Tahrir al Sham (HTS) taldeak, erasoaldiaren buru denak, Siriako Armadaren defentsak hautsi ditu Hama hiri estrategikoaren inguruan, hainbat eguneko borroken ondoren. Azkenean, islamistek hirian sartzea lortu dute, eta aireportu militarra, poliziaren kuartel nagusia eta espetxea ere hartu dituzte, eta "ehunka preso" askatu dituzte.
Hiria hartu izanaren baieztapena aldi berean iritsi da, bai Damaskoko agintarien aldetik, "atzera egiteko eta hiritik kanpo kokatzeko" erretiratzea onartu baitute, baita HTSko bozeramaileen aldetik ere, "erregimenaren indarrek Haman anarkia egoera bizi dutela eta goi ofizialek ihes egin zutela" jakinarazi baitute.
Hama HTSren eta bere milizia aliatuen helburua zen, eta bi eguneko borrokaldien ondoren sartu dira hirian.
Abu Mohamed al Jolani HTSko buruzagiak berehala agerraldia egin du bere milizianoen garaipena baieztatzeko, eta aurreko egunean eman zuen mezu bat errepikatu du. Horrela, bere erakundeko militanteei "errukia eta adeitasuna" eskatu die "askatutako" eremuetan.
Abu Mohamed al Jolani, Hayat Tahrir al Sham (HTS) taldeko buruzagia, Alepon, astelehenean. Argazkia: EFE
HTSren erasoaldiaren arrakastak, Turkiaren laguntzarekin Damaskoren aurka dauden beste talde batzuk ere barne hartzen dituenak, berriz ere zibilen aurkako giza eskubideen gehiegikeriak errepikatuko diren beldurrak piztu ditu, Human Rights Watch bezalako erakundeek salatu duten bezala.
Alepo Siriako bigarren hiria da, eta HTSk iragan ostiralean okupatu zuen. Bertan lasaitasun da gaur nagusi, herritarrek EFE albiste-agentziari azaldu diotenez.
Oraingoz, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, gutxienez 727 pertsona hil dituzte erasoaldia hasi zenetik, tartean 100 zibil baino gehiago.
Tanke bat Alepo eta Damasko lotzen dituen M5 autobidean. Argazkia: EFE
Zergatik da hain garrantzitsua Hama?
Orontes ibaiaren ertzean dago, Damasko hiriburutik 220 kilometro iparraldera. Hama hiria Siria erdialdean dago, eta herrialdeko laugarren handiena da. Garrantzi estrategiko militar handiko eremua da, M5 autobidean kokatua, nazio arabiar osoa hegoaldetik iparraldera lotzen duen errepidea. Indar islamistak han sartzeak gero eta hurbilago kokatzen ditu beste hiri garrantzitsu batetik: Homs.
Hamako aurrerapauso hau benetan esanguratsua da indar islamistentzat, hiria kontrolatzeak gutxienez lau probintziaren ateak zabaltzen dituelako: Alepo, zati handi batean jada kontrolpean dutena, joan den ostiralean hiriburua bereganatu ondoren; Mediterraneoko Tartus eskualdea, Bachar al Asaden gotorleku, eta Latakia, non Errusiak bere base militarra duen; eta, azkenik, Homs.
Hama eta Homs hirien artean 46 kilometro besterik ez daude. Hamak 920.000 biztanle inguru ditu, eta gehiengo musulman sunita.
Horrela, islamistek hegoalderantz jarraitzen M5 autobidetik aurrera egin eta Homs menderatzen badute, horrek erabat isolatuko luke Damasko hiriburua kostaldetik eta Al Asaden botere gotorlekutik, eta autobia blokeaturik utziko luke errefortzuen joan-etorrietarako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa