08:44

Mundua

FRANTZIAKO GOBERNUA

Macronek hitzaldia egingo du gaur telebistaz, atzo zentsura-mozio bidez Frantziako Gobernua erori ostean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Eliseoko iturriek jakitera eman dutenez, joan den astetik, jada, Barnierren lekukoa hartuko duen hautagaia bilatzeko lanean ari da Frantziako presidentea: Sebastian Lecornu, François Bayrou eta Bernard Cazeneuve dira hitzetik hortzera dabiltzan izenetako batzuk.

  • Emmanuel Macron, telebistaz eskainitako hitzaldi batean. Artxiboko irudia.

    Emmanuel Macron, telebistaz eskainitako hitzaldi batean. Artxiboko irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Zentsura-mozio batek, ezkerreko eta eskuin muturreko botoekin, Michel Barnier Frantziako lehen ministroa kargutik kendu eta biharamunean, Emmanuel Macron Frantziako presidentea herritarrei zuzenduko zaie, telebista bidez (20:00etan) egingo duen hitzaldi batean.

Urak aspalditik bazeuden ere nahasita Asanblea Nazionalean, aurrekontuen gaineko desadostasunek leherrarazi dute egoera. Krisi politikotik urruntzen ahalegindu da Macron azken unera arte; atzo bertan, bisita ofizialean zen Saudi Arabian, eta handik jarraitu zuen bilkura. Nolanahi ere, Eliseoko iturriek jakitera eman dutenez, joan den astetik, jada, Barnierren lekukoa hartuko duen hautagaia bilatzeko lanean ari da Frantziako presidentea. Errepublikako presidentearen eskumena da lehen ministroa izendatzea. 

Uztaileko hauteskunde legislatiboetan ezkerrak irabazi zuen Frantzian, eskuin muturra hirugarren postura zokoratuta. Erabat zatituta geratu zen herrialdea, eta handik bi hilabetera, Barnier kontserbadorea aukeratu zuen Macronek lehen ministro kargurako, egonkortasuna bermatuko zuela aginduz. Lurrikara politikoa eragin zuen izendapenak, eta Bigarren Mundu Gerratik karguan denbora gutxien iraun duen lehen ministroa izan da; hiru hilabete baino ez.

Barnierren lekukoa hartu dezaketen hautagaien izen-dantza ere hasi da: Sebastian Lecornu Frantziako Defentsa ministroa, François Bayrou zentrista eta Bernard Cazeneuve sozialista dira hitzetik hortzera dabiltzan izenetako batzuk.

Ezkerreko alderdien ohartarazpena

Frantziako ezkerreko alderdiak batzen dituen Fronte Herritar Berriak ohartarazi du euren gertuko norbait izendatzen ez badute lehen ministro kargurako, "automatikoki" beste zentsura mozio bat aktibatuko dutela. Asanblean eserleku gehien dituen koalizioa da, uztaileko bozak irabazita.

"Emmanuel Macronek ez badu Fronte Herritar Berriko norbait izendatzen lehen ministro, automatikoki zentsuratuko dugu Gobernu berria", esan du Mathilde Panot ezkerreko alderdien ordezkariak.

Dimisioa

Bere aldetik, Barnier gaur eguerdian joan da Eliseora, bere dimisioa formalki aurkeztera, eta aurreikusita bezala, Macronek onartu egin dio. Gobernu frantziarrak ohar bidez jakinarazi duenez, harik eta Exekutibo berria izendatu arte, jardunean jarraituko du lehen ministro izaten, gainerako ministroek bezala.  Hainbat hedabideren arabera, François Bayrou Mugimendu Demokratikoa alderdiko buruarekin bazkaldu du gaur presidenteak.

Egunean zehar, berriz, Macronek bilerak ditu aurreikusita, egoera berriaz hitz egiteko, Asanblea Nazionaleko eta Senatuko presidenteekin, besteak beste.

Yael Braun-Pivet Behe Ganberako arduradunak Exekutibo berria "berehala" osatzearen alde egin du, besteak beste, aurrekontuen eztabaidari berriro ekiteko.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena